Klase politikoa

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde, AHTrik EZ plataforma 2021ko ira. 6a, 09:45

Joan den mendeko 70. hamarkadan hainbat talde ekologista gure zibilizazioaren eraginez naturaren hondatze larriaren lehen zantzuak salatzen hasi ziren. 1988. urtean NASAko zientzialari batek AEBetako Kongresuan lehen aldiz baieztatu zuen klimaren beroketa gizateriak sortua zela, eta handik aurrera ikerketa zientifikoek hura baieztatu dute urtez urte.

Azken hamarkadan inoizko tenperaturarik garaienak izan ditugu mundu guztian barna. Uda honetan, Italiako hegoaldean, neurketak egiten hasi ginenetik Europako inoizko tenperaturarik altuena erregistratu da. Ipar hemisferioan kokaturik dagoen Kanada herrialdean makina bat jende hil da Saudi Arabiako basamortuan izaten diren tenperatura berberak ezin pairaturik.

Pitteka-pitteka gure klase politikoa, ustez, egoeraren larritasunaz ohartzen joan da, eta honela mundu mailako goi bilkura garrantzitsuak egin dituzte. Adierazpen entzutetsuak onartu dituzte aurpegi serioekin arazoari ekin behar zaiola esanez, ondoren, betiko eredu garapenzale suntsitzaileari eusteko. Etorri dira Kiotoko Protokoloa, Parisko Adierazpena eta beste hainbat adierazpen eta horiei loturiko lege eta araudiak. Gure klase politikoak, aho bete hortz, modako hitzak darabiltza prentsaurreko eta plangintzetan: iraunkortasuna, jasangarria, berriztagarria, berdea, ekologikoa... Baina oraintsu, Estatuko gobernuak Bartzelonako eta Madrilgo aireportuak handitzeko asmoa agertu du, gehien kutsatzen duen garraio ereduari eutsiz. Nafarroan, Esako urtegi handituaren ondoan, izugarrizko potasa meategia onartu dute, eta Nafarroako Ubidea zabaltzea, haize eta eguzki baratz saldoa sortzea, ziza larreen antzera. Edota Aroztegia moduko turismo eredu jasanezina sustatzea. Eta AHT? Aurrera! Naturak hau ere jasanen du eta.