Crowdfundinga martxan!!!

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2022ko mar. 21a, 09:39

Gaur egun planteatuta dagoen Abiadura Handiko Trenari alternatiba sozial eta inklusiboa den ikerketa finantzatzeko crowfounding-a hurrengo asteartean, martxoaren 22an, martxan jarriko dela jakinarazi nahi dugu.

Aurrekoetan azaldu izan dugun moduan ditugun azpiegituren berregokitzapenean datza gure apustua. “Gure tren soziala” bailara zein herriak lotzeaz gain askoz merkeagoa litzake abiadura bizi bati muzin egin gabe. Alternatiba erreala bilakatzeko berebizikoa da ikerketa serioa burutzea eta ikerketa burutzeko sakandar guztien laguntza beharrezkoa da. Lagundu nahi duen edonork web-orri honetan parte hartu dezake: www.kukumiku.com/ eu/proyectos/trenaren-aldekoalternatiba.

Horretaz gain, gure eskualdean, trenak modu zuzenean eragina duen herrietan zenbait hitzaldi eta bilera antolatuko ditugu ikerketaren zehaztasunen berri emateko eta jendartearen ekarpenak ere proiektuan txertatzeko asmoarekin. Hurrengo asteetan, beraz, deialdiak programatuko ditugu eta interesa duen edonori parte hartzera animatzen diogu. Zenbat eta jende gehiagok bat egin orduan eta anitzagoa izango da.

Bestetik, hurrengo martxoaren 25ean, ostirala, 18etan Araiako gaztetxean tren sozialaren inguruko hitzaldia izango dela jakinarazi nahi dugu. Lautadako Araian ere alternatiba honetan inplikatuak daude erabat.

Honekin guztiarekin, denon artean beste tren eredu bat posible dela sinesten dugu eta hori ahalbideratzeko zuen laguntza eskatzen dugu.