Jakinen duzuenez, Nafarroa, Araba eta Burgosko trenaren aldeko hainbat taldek bultzaturik, gaur egungo trena hobetzeko, doitzeko eta mota guzietako trenak bertatik pasa daitezen ahalbidetzeko proiektua prestatzen ari gara ingeniari enpresa batekin.
Bada, dagoeneko proiektu honen lehen mapak eginda daude eta orain, hauen aurkezpena burutzen ari gara.
Proiektuaren helburua trenbidearen ibilbidea ahalik eta gutxien aldatzea da, ikuspuntu ekonomiko batetik eta ingurumenari dagokionez, hau baita merkeena eta kalte gutxien sortzen dituena.
Sakanan ibilbidea ez da ia ukitzen baina badira hiru tarte non aldaketak egitea ezinbestekoa ikusi dugun: Altsasun, Uharte Arakilen eta Izurdiaga-Errotzen. Hori dela eta, herri hauetan aurkezpenak prestatu ditugu bertako herritarrekin hitz egin eta hobekuntza proposamenak jaso ahal izateko. Dagoeneko, hitzaldiak burutu ditugu Uharte Arakilen eta Errotz-Izurdiagan. Hemendik gutxira Altsasun egitea aurreikusten dugu.
Errotzen eta Izurdiagan trenbidea herriak ez zeharkatzea eta ahalik eta gehien aldentzea eskatu dute. Ez da lan erraza izanen autobidea eta ibaia aldeetan baitituzte baina balizko ibilbidea adostu dugu herritarrekin. Uharte Arakilen trenbideak eta autobideak harresi izugarri bat sortu dute Beriain aldeko auzoaren eta herriaren artean. Trenbidearen garaiera jaistea adostu dugu herritarrekin. Altsasuri dagokionez, ingeniari taldeak herriko geratokiaren erabilera indartzeko eta irisgarritasuna handitzeko geratokia bideberri mailara jaistea proposatzen du eta zubia desagertzea. Aurkezpen hitzaldia egiterakoan proposamen gehiago izatea espero dugu.
Gogoratu proiektu hau ordaintzeko diru bilketa abian daukagula Kukumiku webgunean "Trenaren aldeko alternatiba" izenarekin. Lagundu!