Iragarri ziguten bezala egiten badute, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek bilkura eginen dute uztail akaberan Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko AHTren lotura nondik izanen den, Gasteiztik edo Ezkiotik, erabakitzeko.
Gasteiztik nahiz Ezkiotik izan, bei edo bei, Sakanatik pasa beharko dira honek sakandarroi ekarriko digun mehatxua areagotuz. GUAIXE bertan hainbatetan aipatu izan dizuegun bezelexen, Trenaren Aldeko Plataformek trenbide zaharraren gaurkotze eta egokitze baten proiektua egin dugu eta honen guztiaren balorazio ekonomikoaren zain, proiektua bukaturik daukagu.
Gure proiektu hau AHT baino askoz diru gutxiagorekin, denbora askoz motzagoan eta ingurumenari egiten zaion kaltea izugarri txikiago batekin egin daiteke. Eta hori guzia betiko trena abandonaturik utzi gabe.
Esaten ari garen hau guztia ez da balizko gauza bat, izan zitekeenaren baina indarrean jarri ez den hipotesi bitxia baizik. Dagoeneko, Madrilgo Gobernuak Teruelgo probintziari AHTa trenbide zaharretik eramanen diotela erabaki du, hau gaurkotu eta berritu ondoren. Eta gauza bera esan diote Errioxari. Gauza bera eskatzen dugu Nafarroan eta Arabako Lautadan.
Urteak dira Zaragozako hiriburuak AVE zerbitzuen "kalitateaz" gozatzen duena, bien bitartean, eskualdeetako bizilagunek trenbide zaharraren abandonoa pairatu behar dute esteka honetan ongi aski erakusten den bezelexen. Teruel-Zaragoza lineari dagokio: https://www.youtube.com/watch?v=64dEhegcmn0 .
Zioaren mamia, beraz, ez da Iruñeko lotura Gasteizekin edo Ezkiorekin izanen ote den, baizik eta betiko trenbidetik edo plataforma txikitzaile berri baten bidez eginen duten.