Orain dela aste batzuk politikari AHTzaleen arteko norgehiagoka zekena eta Sakanaren salerosketa merkea ikusi eta entzun ahal izan dugu sakandarrok, aho bete hortz utzi gaituena.
Gure bailara suntsituko duen proiektuaz aritu dira, Urbasa-Andia eta Aralarren arteko natur guneari hesi berri bat jarri nahi diotela aipatu gabe; gure larre, soro eta beheko baso oparoenak AHT plataforma berri batekin okupatu nahi dituztela esan gabe eta izugarrizko dirutza publikoa eraikuntzako multinazionalen esku pribatuetara pasatu nahi dutela betiko trena ahanzturan eta zahartze programatuan utziko duena ezkutatuz.
Gure politikari AHTzaleen eztabaida zalapartatsuak ez dira aldaketa klimatikoari aurre egiteko egin beharreko urratsen inguruan edo energia krisiaren aurrean jendartea babesteko politika sozial ausartagoak sustatzearen inguruan, ez. Beraien arteko norgehiagoka "Europarako irteeraz" edota "Euskal Y-arekiko loturaz" harago, sakonean, alderdi bakoitzaren itzalean dauden eraikuntza enpresek eta haien "laguntzaileek" jasoko duten puskaren inguruan dira, Ezkiora eramanez gero, askoz puska handiagoa hartuko dutela badakitelako, Aralarren lurzoru karstikoak hamaika arazo sortuko lituzkeela eta triskantza ekologikoa alimalekoa izanen litzatekeela dakiten arren.
Honen guztiaren aurrean zuzenki galdekatzen dugu: Uxue Barkos, Geroa Sozialberdea alderdiko arduraduna, hau guztia ontzat ematen duzu?
Sakanan era duin eta osasuntsu batean bizi eta lan egin ahal izateko, natur gune paregabe honek lehen sektorea, guzion bizi kalitatea eta turismoa pikutara bidaliko ez duten azpiegituren arriskua behin betikoz ezabatzeko, zuzenean galdekatzen dugu: Javier Ollo, Altsasuko Geroa Baiko alkatea, hau guztia ontzat ematen duzu?