Krisi larri batean murgildurik gaude. Eta ez, arrazoia ez da Ukrainako gerra, ez da koronabirusaren ondorioa, ez da Egiptoko Suez Ubidean eman zen buxadura eta ez da ere kapitalismoak ziklikoki dituen krisi horietako bat. Krisi hau energetikoa da oro har, eta zehazkiago, ezinbesteko lehengaien agorpenarena.
Erregai fosilek eta bereziki petrolioak izugarrizko energia indarra eman digute kostu oso-oso merkean, gizateriak inoiz ezagutu ez duen tamainakoa. Horregatik azken 200 urte hauetan inoizko hazkunde ekonomikorik handiena izan dugu, eta biztanleena, eta lurraldearen eraldaketarena, eta energiaren kontsumoarena. Eta bukatu da. Petrolioak ez du gehiagorako ematen. Petrolio multinazionalek putzu berriak topatzeko inbertsioak erabat murriztu dituzte azken urteetan eta beraien negozioa ekonomiaren beste adar batzuetara bideratzen ari dira. Zergatik ote?
Krisia, beraz, gelditzeko etorri da eta gure agintari politikoek egiturazko aldaketak egin beharrean azalekoak eta itxurakoak egiten ari dira, nola ez.
Euskal Herrian adibide nabarmenena AHT da. 30 urteko esperientziak erakusten du ez duela ekonomia suspertzen, ez dituela kamionak bideberritik kentzen, eskualdeak basamortutzen dituela, betiko trenbidea utzikerian eta zerbitzuen galerara kondenatzen duela... eta hala eta guztiz ere, Geroa Baik, PSNk, CCOOk, UGTk eta ustez aurrerakoiak eta ezkertiarrak diren beste hainbat antolakundek honen alde darraite temati.
Trenaren aldeko Plataformek Nafarroarako, Arabarako eta Burgoserako aurkeztu dugun proiektuan betiko trenbidearen gaurkotze eta egokitzeak AHT plataforma berri batek kostatuko lukeena baino 2.000 milioi euro gutxiago kostatuko lukekeela erakutsi dugu. Trenbide gaurkotu honetan ibil daiteke aldirikoa, eskualdekoa, distantzia ertain eta luzekoa, merkantzietakoa eta goi abiadurako trena. Hortaz, pasatzen den herrietatik zerbitzua mantenduz, geltokiak eta geratokiak indartuko genituzke jende eta salgaiendako garraio iraunkorrago bat sendotuz krisialdi klimatikoari hobeki aurre egiteko.