Sakanan, AHT-ren aurkako borroka 2007an hasi zen herriz herri hainbat talde osatzen hasi zirenean. Euskal Autonomia Erkidegoan AHT-ren lanak 2006an hasiak ziren Gasteiz ondoko Urbinan eta mega proiektu suntsitzaile honen aurkako aurkaritza pil-pilean zen Euskal Herri guztian Lemoiz eta energia nuklearraren aurkako borrokaren ondoren izan den aurkaritza handiena eta anitzena batuz.
Gaur egun Ipar Euskal Herrian AHT-ren proiektua etenik dago gutxien gutxienik 2042ra arte, betiko ez bada, eta EAEn azpiegitura lanak oso aurreratuak dituzte (zubiak, tunelak akueduktuak) baina hiriburuetako sarrerak gauzatzeko denbora eta diru itzela beharko dute. Honez gain, gainegitura guztia falta da (burdinbideak, elektrifikazioa, segurtasun neurriak...) kostu osoaren %45 inguru izaten dena. Nafarroan lanak 2011n hasi zituzten eta 12 urteren buruan Castejon eta Tafalla arteko bide tarteak besterik ez dituzte abiatu, lanak egiteko orografia lau eta errazenean. AHT-an egiten ari diren inbertsio maila eskasa ikusirik, hamarnaka urte beharko dituzte Nafar Korridorea gauzatzeko, inoiz bukatzen baldin bada. Eta hau guztia krisi ekosozial baten baitan eta datu guztien arabera aldaketa klimatikoaren aurreikuspen ezkorrenak baieztatzen ari direnean.
Honek esan nahi du AHT ez dela sekula Sakanara helduko? Baita zera ere!
Orain dela hiru bat aste AHT-ren ibilbidea Sakanan zein izanen den erabakitzeko, zundaketak egiteko baimenak eskatzen hasi dira udaletan, Nafar Korridorea Gasteizekin edo Ezkio-Itsasorekin lotuko duten erabakitzeko.
Sakandarrendako, AHT gelditzeko azken txanpa oraintxe bertan hasi da. Zundaketak gelditu behar ditugu. Eraikitze proiektua idatz dezaten galarazi behar dugu, ezen, ondoren, aurrekontuetan diru partidak eta hondeamakinak etorriko bailirateke.
Beraz, orain da unea sarraskia saihesteko. Sakana altxa hadi!