Abuztuko oporren akaberan bizikleta martxa jendetsu eta alaitsua egin genuen Sakana, Goierri eta Lautadako hainbat herritan barna. Helburua AHTaren zundaketak salatzea izan zen, horiek baitira AHTaren ibilbidea zehaztuko dutenak, eta, beraz, etorkizunean lanak hasteko lehen urratsa. Horregatik, behin eta berriz esaten dugu, dagoeneko, AHTaren lanak hasiak direla eta Sakanako, Goierriko eta Lautadako herritarrak hasi behar garela mugitzen eta hau guztia salatzen.
Botere ekonomiko, politiko eta komunikatiboek bere horretan dihardute. Iruñearen eta Euskal Y-ren arteko lotura merkeena, garestiena, luzeena, motzena, azkarrena, korapilatsuena, ekologikoena (ekologikoena?, Benetan? Bei, hori ere badiote) zein izanen ote den hausnartzen: Gasteiz ala Ezkio.
Eta guk askotan esan dugun bezeleixen, alternatibak ez dira Gasteiz edo Ezkio bakarrik. Zero alternatiba ere existitzen da, hau da, gauzak bere horretan uztea eta proiektu horretan gastatuko liratekeen dirutza publikoak beste lehentasun larriagoetara bideratzea. AHTaren kasuan, gure Zero Alternatibak esan nahi du gaurko trena biziberritu, gaurkotu eta hobetu behar dela, eta Nafarroan daukagun burdinbide bakarra behingoz bikoiztu behar dela, bidaien abiadurak eta maiztasunak igo behar direla eta ixten ari diren geratoki, geltoki eta zerbitzuak, atzera berriz, ireki eta handitu behar dituztela. Hori guztia ingeniari talde batek eginiko azterlan mardul batean zehazturik daukagu, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoarekin batera.
Bizi martxaren bigarren egunean elkarretaratzea egin genuen Altsasuko tren geltokian hango langile talde batekin batera. Arrazoia? Altsasuko tren geltokian gelditzen diren langile eskasen lanpostuak kolokan daudela, geltokia ia hutsik utzi nahi dutelako, Tafallan gertatzen ari den moduan.
Bai, bai. Hori oso tamalgarria da dudarik gabe, baina zuek zer nahiago duzue? Gasteiz ala Ezkio?