Heldu den apirilaren 20an Nafarroako trenaren aldeko plataformek Arabako eta Goierriko taldeekin batera manifestazio izugarria burutuko dugu Altsasun. Gure helburua argia da: AHT plataforma berri bat egin ordez, gaur egungo tren azpiegiturak hobetu behar dira eta tren zerbitzuak handitu, azken urteetan ixten joan diren geltoki eta geratokiak, atzera berriz ere, irekiz. Honela, betiko tren azpiegitura berrituaren gainetik mota guzietako trenak ibiliko dira AHTarendako plataforma berri batek suposatzen duen triskantza ekonomiko eta batez ere ekologikoari bidea itxiz.
Manifestazioari indarra emanez, jardunaldi interesgarriak eginen ditugu otsailaren 22 eta 25 bitartean. Jardunaldi hauetara etorriko zaizkigu, besteak beste, trenaren aldeko plataforma estatalaren ordezkariak, Ipar Euskal Herriko CADE elkartekoak, Italiako Val di Susako ordezkaritza zabal bat eta AHT Gelditu! eta Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak, beste hainbat talde eta ekimenekin batera. Egitarauari adi egotera eta jardunaldietan parte hartzera animatzen zaituztegu.
AHTaren plataforma berri baten ordez, gaur egungo trena hobetzea eta sustatzea aldarrikatzen duten erakundeak geroz eta gehiago dira. Erakunde publikoen fiskalizazioa egiten duen AIREF erakundeak AHT lerro berrien proiektuak eten behar zirela aldarrikatu zuen 2020an. 2021ean hauxe bera eskatu zuten RENFE eta ADIFeko enpresa komitean dauden sindikatu guztiek. Madrilgo gobernuak Teruel hiriburuari eta Logroñori, AVE zerbitzuak betiko tren azpiegituratik helduko zaiela erabaki du. Sakanan Altsasuk salbu, beste udal guziek AHT plataforma berria errefusatu dute, eta betiko trenaren zerbitzuen handitzea eskatu.
Bukatze aldera, gogora ekarri nahi dizuegu ingeniari talde batek Nafarroa, Araba eta Burgos lotzen duen tren lerroaren hobekuntzaren proiektu teknikoa egin zuela duela ia bi urte eskualde horietako trenaren aldeko plataformek eskaturik (Sakanakoa tartean) eta alternatiba proiektu honek mota guzietako trenak bertatik joatea ahalbidetzeaz gain, AHT plataforma bat egitea baino merkeago, ekologikoago eta sozialki beharrezkoago dela ondorioztatu zuen.
Batu zaitezte Alternatibara!