Lasai irakurle, izenburu hau ez da auzo erkidegoan kanpainan dabiltzan alderdiek darabilten antzerako beste lelo erakargarri horietako bat. Guztiz kontrakoa, apirilaren 20an Altsasun eta arratsaldeko 6etatik aurrera BM edo Nettotik abiaturik eginen dugun manifaren aldeko aldarria da. Betiko trenaren eta honek soilik eskain ditzakeen zerbitzuen aldeko aldarria eta AHTarendako esklusiboa litzatekeen plataforma berri baten aurkako salaketa.
Eta AHTa gelditzeko abagunea orain daukagu ibilbidea erabakita ez dutelako; zehazki nondik joan beharko litzatekeen ez dakitelako; Sakanako udalak azterlanak gauzatzeko beharrezkoak diren zundaketen aurka jarri direlako, Altsasuko Udala salbu; abiadura handiko korridore berri bat egin beharrean betiko trena bizkortzeko, gaurkotzeko eta hobetzeko alternatiba tekniko bat aurkeztu dugulako; eta zergatik ez, soilik hiri handiak merkantziarik eraman gabe lotuko lukeen AHT plataforma berria NAHI ETA BEHAR EZ DUGULAKO.
Eta AHTa gelditzeko abagunea orain da Iruñea-Gasteiz abiadura handian lotzeko asmo guziak asmo hutsak direlako, ez baitago diru partidarik ez proiekturik ez hura aurrera eramateko baldintzarik.
Aldaketa klimatikoa eta krisi ekosozial betean sartzen ari garelarik, garraio zerbitzu kolektiboak aldarrikatu eta exijitu behar ditugu, herriak eta eskualdeak eta hauek hiriekin lotuko dituzten zerbitzuak eskainiz, betiko tren zerbitzuek egin izan duten bezala.
Bada, mugi gaitezen orain, bulldozerrak edo hondeamakinak Sakanan ikusi baino lehen. Ordurako borroka galdua legoke eta. Orain da abagunea!