Aste batzuk atzera, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eztabaida interesgarria eman zen AHTaren inguruan. Jardunaldi haietan AHTaren aldekoek beren diskurtso hutsal eta gezurtia bota zuten: "Nafarroa ezin daiteke Espainia eta Europarekin lotunerik gabe gelditu", "AHTak Nafarroako ekonomia eta ehun industriala bizkortuko du". Hau bezalako ohiko mezu faltsuak lardaskatu zituzten, ekonomiaren edota mugikortasunaren ikuspegitik inongo oinarririk ez dauzkatenak.
Bestaldetik, AHTan ehunka milioi xahutu beharrean beste alternatibak planteatzen dituzten taldeak egon ziren, esaterako, Sustraiko kide bat, "Tren Publiko eta Sozialaren" proiektua defendatuz.
Interesgarriena, dena den, Madrilgo gobernuko garraio saileko estatu idazkariaren hitzak izan ziren, azken finean, hauen esku baitago AHTa eraikitzearen gaur egungo ardura eta zuzendaritza. Arduradun honen hitzak oso esanguratsuak izan ziren. Bere hitzaldi guztian AHTaren proiektuak merkeago izan daitezen diru asko balio dituzten esku hartzeak gutxietsi zituen, garrantzia kendu nahian. Hala nola, hirietako sarreretan AHTaren lurperatzeak, ibilbide guztiek ez dutela 350 km/orduko diseinua zertan izan behar edota AHTa ez dela kasu guztietan plataforma berri batetik heldu behar. Azken hau da sakandarroi gehien interesatzen zaiguna, esan baitzuen, Iruñea eta Gasteizko lotura egiteko bestelako aukerak baloratu litezkeela, hau da, ez dela zertan plataforma berri bat egin behar.
Urteetan, AHTaren aurkariek behin eta berriz aipatu izan duguna betetzen ari da, eutsiezina dela hainbeste AHT linea egitea eraikuntza, mantenu eta esplotazio gastuak etengabeko galerak dakartzatelako.
Ez dago ezer irabazirik oraingoz eta borrokan tinko jarraitu beharko dugu AHTaren mehatxua Sakanatik aldendu arte.