Politikari profesionalak eztabaida antzu, iruzurti eta hutsaletan korapilatzen dira haien artean ikuspegi ezberdinak dituztenaren itxurak ematearren, eta honela, benetako eztabaidak ukatzen dizkigute. Esaterako, Ezkio eta Gasteizen arteko eztabaida txotxolo horretatik harago, sakonean hitz eginez, ze garraio eredu nahi dugu salgaiak mugitzeko eta bidaiariak eramateko? Aldaketa klimatikoaren mehatxupean eta krisi ekosozial baterantz goazela, ze garraio mota lehenetsi eta bultzatu beharko genuke? Soilik bidaiariak eramaten dituen eta hiri oso handiak lotzen dituen AHT azpiegitura berri bat eta sekula ere merkantziarik eramanen ez duena edo betiko trenaren gaurkotze eta hobetze bat bultzatuko dugu lurraldea kohesionatzeko eta salgaiak eta bidaiariak eramateko ahalmena izanen duena?
Euzko Alderdi Jeltzalea urteetan gezurretan aritu da Euskal Y-koak merkantziak eramanen zituela behin eta berriz baieztatuz... orain dela bi urte eskas Euskal Y-koak merkantziarik ez zuela eramanen onartu zuen arte. Gaur egun, Geroa Bai bide beretik dabil eta AHTari prestazio handiko trena hots egiten dio, bere prestazio bakarra hiri oso handiak abiadura bizian bidaiariak mugitzeko balio duenean, tarteko eskualde eta hiriei inongo zerbitzurik eman gabe pasatuz, merkantziarik eraman gabe. Guk, aldiz, prestazio handiko trenbide sarea aldarrikatzen dugu mota guztietako trenak ibiltzeko gai izanen direnak eta salgaiak garraiatzeko egokitua egonen dena, geltokiak berrirekiz eta tren zerbitzuak handituz.
"Ezkiotik edo Gasteiztik" diotenean Nafarroa isolatua dagoenaren itxura eman nahi digute, baina dagoeneko, Nafarroa saretua daukagu: Gasteiztik penintsularen hegoaldera goaz, Gipuzkoatik Europarantz eta Castejonetik Mediterraneora eta Madril aldera.
Bidaiarien %94 aldirietako, eskualdeetako eta distantzia ertaineko zerbitzuak erabiltzen dituzte, baina inbertsio gehienak AHTak daramatza. Garaia heldu da betiko trenean inbertsioak handitu eta AHT linea berriak gelditzeko.