Larrialdi klimatikoa geroz eta ageriago ikusten dugu gure inguruan. Muturreko tenperaturak handituz doaz urtez urte eta hondamendiak bortitzagoak eta maizago izaten ari dira. Eskuin muturra izan ezik, inork gutxik ukatzen du bizi dugun egoera larria.
Diagnostikoa, beraz, argia da eta hartu beharreko soluzioak era bai, milaka zientzialarik adierazi duten moduan, baina hauek aurrera eramateko garaian sortzen da nahaspila. Elite ekonomikoaren interesak, politikari doilorrak (Valentzian ikusi den bezala), komunikabide morroiak eta alderdikrazian oinarrituriko sistema politikoak ezinezko bihurtzen du benetako urratsak ematen hastea, bai Nafarroan, bai Euskal Herrian baita espainiar Estatuan edo Europar Batasunean.
Honela, zentzurik gabeko makro azpiegiturak eraikitzen jarraitzen dute 1992. urtean Madril eta Sevilla arteko AHTa mustu zuten garaian egonen bagina bezala. Honela, aurretik adreiluaren burbuilak eztanda egin zuen bezala eta atzerago interneten burbuilak eztanda egin zuen moduan, orain, energia berdearen aitzakian berriztagarrien burbuila puzten ari dira.
Nafar politikarien azken hilabeteetako ardurarik handienetakoa AHTaren nafar korridoreak euskal autonomiarekin batzeko lekua zein izan beharko litzatekeen eztabaidatzea izan da: Ezkiotik beharko luke Europara sarbidea izan dezagun! –Gasteiztik beharko du merkeago eta azkarrago eginen dugu eta–. Hiltzen uzten ari diren betiko trenaren inguruan zerbait badakigu? Ezer ez.
Sakanako, Itzako eta Goierriko udal gehienek AHT plataforma bat beharrean betiko trena gaurkotzea eta eguneratzea nahi dutelako AHT zundaketak urte eta erdiz atzeratu ondoren, administrazio publikoen erantzuna INPOSAKETA izan da. Legea bihurritu nahi dute premiazko prozedura eta aldi baterako okupazioak erabiliz sakandarron nahien aurka egiteko.
Zundaketa bakarra abiatu dute Otsobi herrian, Itzan. Eta hura bukatu gabe ospa egin behar izan dute. Sakanan ez dira hasi eta ez diegu hasten utziko, ahal badugu behintzat.
Oihuka dezagun berriki Valentzian oihukatu duten moduan: herriak bakarrik salba dezake herria!