Hara zer dien

AHTaren zundaketen harira

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde 2025ko api. 7a, 08:10

Pasa den asteburuan Altsasu eta Olaztiren artean zundaketen aurkako mendi martxa burutu genuen, Sakanan egin dugun laugarrena.

Oraingoz hiru zundaketa saiakera egon dira hainbat herritan, guziak legez kanpokoak eta herritarren borondatearen aurkakoak. Aurrena Ataunen egiten saiatu ziren baserritar baten baratzean inongo baimenik gabe. Ondoren Otsobiko herrian eta Adif-ek betiko trenbide parean daukan lurretan saiatu ziren Itzako udalari inongo baimen edo jakinarazpenik egin gabe.

Atzeneko saiakera, hemen Sakanan, Izurdiagan izan zen, herriko sarrerako bideberrian Nafarroako Errepide Sailaren baimenarekin eta Adif-en onespenarekin, baina Arakilgo Udalean inongo baimenik eskatu gabe. Soilik hiru udal hauetako alkateen jarrera irmoak eta herritarren aurkaritzak saihestu zituen legez kanpoko zundaketa hauek burutzea.

Diktadura garaiko lege batzuetan oinarrituz, orain esaten digute baimen guziekin eta legearen barnean behin-behineko desjabetzeak eginez eta urgentziazko prozedura erabiliz, sakandarron eta udalen eta jabe pribatuen gainetik igaroko direla zundaketa horiek egin ahal izateko.

Hori dela eta, Sakanan zundaketen eta AHTaren aurkako koordinazioa zabaltzen eta handitzen ari gara gure bailara betiko baldintzatuko lukeen AHT plataforma berri bat egin ez dezaten saihesteko.

Sakanan, Urbasa-Andian eta Aralarren bizi garen pertsona eta animaliek ezinen genuke AHTa bezalako beste makro azpiegitura bat jasan. Hormigoizko hesi berri honek gure lurrak okupatu, natur gune pasak eten eta zarata, bibrazio eta mota guzietako kutsadurak sortuko lituzke Sakanari inongo zerbitzurik eman gabe, bai eraikuntza fasean eta bai behin martxan jarrita.

Horregatik, gure bailaran eta gure ingurumenean osasuntsu eta duintasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Zundaketak Stop! AHTrik ez!