hara zer dien

Elkarretaratzea Altsasun

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde

0Iragan larunbatean elkarretaratzea burutu genuen Iruñetik Gasteizera eta Ezkiora AHTren lanen arriskuan gauden eskualdeetako hainbat herritar eta antolakundek.

Komunikabide nagusiek AHTa ezinbesteko proiektutzat jotzen dute, politikari askok botatzen dituzten lelo eta esaldi gezurtiak hitzez hitz errepikatuz. Esaterako, AHTak salgaiak edo merkantziak eramanen dituela esaten dutenean, orain dela hiru urte Euskal Y-koak ez zituela eramanen aitortu zuten moduan. Ordurarte Eusko Jaurlaritzak bai edo bai salgaiak eramanen zituela baieztatzen ibili zen urteetan eta urteetan.

Are larriagoak dira AHTren aurkaritza kriminalizatzeko inoiz egin ez diren zundaketei sabotajeak egin zaizkiela salatuz eskubiko alderdiek burutzen ari diren kanpaina gezurtia (Aralarren eginiko ustezko zundaketa saiakera eta sabotajez ari gara).

Altsasuko elkarretaratzean gure herrietan eta gure basoetan osasuntsu eta harresi lazgarri berri bat izan gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatu genuen. Nola da posible azterlan informatiboetan agertzen ez den hirugarren aukera hori (Zangitu inguruan, Urdiain eta Altsasu artean Ezkioko norabidea hartzearena) izatea politikariek ahoan gehien dutena eta kaltetu zuzenak garen herritar eta udalek horren berririk ez izatea? Nola liteke gure bailaran orban berri bat sortuko lukeen eta zerbitzurik emanen ez ligukeen azpiegitura erraldoi eta suntsigarri honen alde agertzea Altsasuko Udala?

Bada, interes ekonomiko handiak daude honen guziaren atzean. Diru publiko izugarriak enpresa pribatuetara bideratzen dira honelako azpiegiturek errentagarritasun sozial hutsala izanagatik. Errentagarritasuna eraikuntza enpresetan eta alderdi nagusien zuzendaritzetan topatzen dugu soilik.

Sakanako herritar xumeak izanik, txingurri lana egitea tokatzen zaigu, jendea aktibatuz eta inposatu nahi duten erokeria hau gelditzeko ahal den guzia eginez. Batu hadi aurkaritzara!