Bi urte eta erdira heltzear gara Goierrin, Sakanan eta Itzan AHTaren zundaketak egiteko asmoarekin hasi zirela. Hiru zundaketa saiakera egin dira tarte honetan Ataunen, Otxobin eta Izurdiagan eta hirurak gelditzea lortu dugu.
Gure eskualdeetako herritarren iritzi orokorraren gainetik AHTa inposatu nahi digute, zerbitzurik eman ez eta betirako gure bailaretan orban ekologikoa utziko ligukeena.
Azken hilabeteetan zundaketak edozein unetan hasiko zituztela mehatxu egin dute, herritarren eta udalen gainetik igarotzeko jukutria legalak erabiliko zituztela adieraziz, hau da, behin behineko desjabetzeak eta premiazko prozedurak.
Ikasturte berria hasi dugun honetan herritar guztiei adi egotera hots egiten dizuegu zundaketak AHTaren lanen hasiera baitira eta hauek atzeratu eta eragoztea AHT proiektua bera eragoztea esan nahi baitu.
Politikariei exijitu diezaiegun hiltzen ari den betiko trena gaurkotu, egokitu eta suspertu dezatela AHTarendako plataforma suntsitzaile eta diru xahutzaile berri bat egin ordez. Soilik hiri handiak lotzen dituen AHTaren aurrean, gure lurraldea saretzen duen betiko trena aldarrikatu behar dugu. Hainbat alternatiba daude mahai gainean betiko trena hobetze aldera eta AHTa bezalako makro azpiegitura bat beharrezkoa ez dela erakusten dutenak. Borroka gaitezen alternatiba horien alde AHTa behin betiko bazterrean utziz.