Hara zer dien

Etxebizitza duina eta tren soziala denontzako

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Trenaren Alde

Estatu espainolean eta Euskal Herriko gizartean ezkutuan zegoen arazo larria azaleratu da azken asteetan, etxebizitza duina izateko eskubidearen auzia, alegia. Horren harira, mobilizazio anitz eta kale akanpadak ugaritu dira zenbait hirietan. Euskal Herriaren kasuan Bilbora iritsi da. Tartean, eta egoera hau probestuz, hauteskunde orokorrak ere aurreratu dira.

Bai estatu espainolean zein Euskal Herrian, hamarkadetan zehar etxebizitzaren eraikuntzaren politika ez da egon gizartearen beharrak asetzeari begira, etxebizitzen negozioaren defentsan baizik. Iruñearen kasuan, argia da Etxabakoitz geralekuaren inguruan sortu nahi den "pelotazo" urbanistikoa; elitismoa, klasismoa, gentrifikazioa eta etxebizitzen garestitzearen logikari segida emango diona.

Gauzak horrela, lehen lerroan dagoen eztabaida politiko-sozial honek arrazoi gehiago ematen digu tren sozialaren defentsan jarraitzeko. Izan ere, sarritan adierazi izan dugun moduan, gure alternatibak lurraldearen bertebrazioa ahalbideratuko luke, eta herri txiki zein eskualdeei bizia emanez, Iruñetik haratago Nafarroa ere badagoela adieraziz. Ondorioz, gure ustez, honek guztiak etxebizitzen prezioa nabarmen lausotuko luke.

AHTa Iruñera heltzeko balio duen 1600 milioi euro horiekin, zenbat neurri sozial hartu litezke etxebizitza arloan? Ez al da exijitu behar diru eta errekurtso publikoak denon hobe beharretara destinatzea?

Etxebizitza duina izateko garraio publiko eta tren soziala ere behar delako, gure alternatiba defendatzen jarraituko dugu gizartearen esparru guztietan.