Iraila iritsi da eta honekin batera ikasturte hasiera. Batzuek urte hasiera izango balitz bezala bizitzen dute. Nahiz eta haurrik ez izan guztiongan eragina dauka. Iraila hilabeteak baditu bere alde onak eta bere alde txarrak.
Txarrak, egunerokotasunean murgiltzea kostatzen zaigu, ordutegi aldaketa, eguneroko betebeharrak eta udari agur esan beharra… Honek guztiak pertsonarengan bi eragin nabarmen ditu: psikologikoak eta fisikoak. Fisikoki ditugun eraginak; nekea, kilo batenbat hartu izana… eta psikologikoki ditugun eraginak, esaterako, errutinara itzultzea, antsietatea, estresa… izan daitezke.
Ondorio hauei guztiei aurre egitea ez da lan erraza izaten, denbora behar da berriz “martxan” jartzeko. Aldaketa garaia denontzat egoera estresantea izaten da, egunerokotasunaren erritmoa denborarekin berreskuratzen baita, eta honetarako egokia litzateke helburuak finkatzea, atseden orduak berrantolatzea, elikadura birmoldatzea… Guraso direnen kasuan familia bateratzea da une estresanteetako bat, lan arloa eta familia arloa bateratu eta antolatzea ez baita lan erraza izaten, horrek dakarren estres maila dela eta.
Irailak baditu bere gauza onak ere; motibazioz hartu daitekeen bizitzako etapa berri bat hasten da, bai eskolan, bai lanean edo pertsonalki. Erronka ezberdinak finkatzen dira arlo ezberdinetan oinarrituta; osasunean, hezkuntzan, lanean edota pertsonalean. Errazagoa da egoera edota etapa berri bati aurre egitea motibazio puntu batekin, denborarekin ondorio positiboak dakartzalako gure bizitzan.
Gizakiok edozein egoeratara moldatzeko gaitasuna dugu; batzuek denbora gehiago behar dute eta beste batzuek aldiz gutxiago. Argi izan behar duguna da aurrera jarraitzeko esfortzu bat egin behar dugula egoera berri batera moldatzeko eta lortu nahi ditugun helburuak eskuratzeko.