Definitzekotan, esan genezake, dolua, atsekabea dela, bereziki norbaiten heriotzak sortzen duena. Gertuko bat galtzerakoan doluak hartzen du tokia. Maite dugun norbait modu ezberdinez galdu dezakegu: bat bateko heriotzaz, gaixotasun larri eta luze baten ondoren, edonolako istripuz, bortizki, adinari lotutako arrazoiengatik, eta baita bere buruaz beste egiten dutelako ere.
Azken errealitate hau kontutan hartuz sortu zuten Besarkada elkartea: “Maite den norbaiten suizidioak jotakoen Elkartea”. Gertuko batek bere buruaz beste egitean, erantzunik gabeko galdera asko sortzen zaizkie horrelako bizipen garratza jasan dutenei: nola aurre egin egoera horri? Zerbait egin nezakeen? Zergatik ez dut aurreikusi? Zer egin dut gaizki? Zergatik egin du? Zergatik ez dit laguntzarik eskatu? Nola azaldu zer gertatu den?…
Oso zaila da ulertzea jasaten duten izugarrizko mina, barrutik sentitzen duten haustura eta blokeoa. Horregatik pasa dutenek badakitelako, ezagutzen dutelako, elkarlaguntza da Besarkada elkartearen xedea, minez dagoenak bere bizitzari berriro zentzua ematen laguntzea. Eskaintzen dutena da banakako arreta (laguntza psikologikoa barne), elkarri laguntzeko taldeak eta baita orientazio eta laguntza juridikoa ere. Orokorrean, gizarte osoari zuzenduta, sentsibilizazioa, heziketa eta aholkularitza ere.
Herritarren artean ere ideia bat zabaldu nahi dute: suizidioarena denon arazoa da, gizartearena, eta gero eta gutxiago izan daitezen lagundu dezakegu guztiok.
Harremanetarako: Besarkada-abrazo.org, info@besarkada-abrazo.org eta 622 207 743.