Ipuinak

Joan zaizkigu Eguberriak. Familia gehienetan asko izaten dira elkarrekin igarotako uneak. Izandako esperientzien arabera, data berezi hauek pasata, une polit, intimo edo aldrebesak gogoratzen edo ahazten saiatuko gara, egunerokotasunean murgiltzen garen bitartean. 

Irurtzun Eskualdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko langileok, egunerokotasun horretan une xamur, intimo eta gozoak sorrarazteko baliabide txiki eta indartsu bat zuenganatzea dugu gaur helburu: ipuinak, alegia. Ipuin bakoitza, kontatzen duenaz gain, gure pertsona maiteekin elkartzeko eta gerturatzeko erreminta da.

Ipuinak kontatzaile eta entzulearen arteko lotura magikoa sortzen du. Denbora eta espaziotik babesten gaituen burbuila da. Intimitatearen maximoa. Okerrena, gehienetan ez diogula altxor honi eskaintzen duen etekin guztia ateratzen. Azkar eta kontzientzia faltaz, garai honetako gaixotasun dugun presaz kutsatzen baikara. 

Ekiozue lasai, mimoz eta patxadaz. Zaintzazue argia, soinua, postura, gertutasuna, egokitu ahotsa eta hitzak dastatzeko aukera emaiozue zeuen buruari. Uztazue presa urrun, mesedez. Eta erabili ipuinak eskainitako istorioa eta marrazkiak kontatzaile eta entzulearen arteko loturari arreta osoa hartzeko.

Ipuinak erabiliz gure etxeko txikiekin gai garrantzatzitsuak jorratzeko aukera dugu. Mintzagai anitzak aurkitu ditzakegu literaturan. Guk lau gomendatuko dizkizuegu. Gehienak liburutegietan erraz aurkituko ditugu eta lauak Youtube plataforman ikus daitezke.

Emozio ezberdinez aritzeko: “El monstruo de colores”, Ana Llenas. Gaitasun desberdinak dituzten pertsonei buruz aritzeko: “El cazo de Lorenzo”, Isabelle Carrier. Autoestimuaz jarduteko. “Casi”, Peter H. Reynolds. Ezberdintasunak, aurreiritziak eta elkartasuna lantzeko: “Por cuatro esquinitas de nada”, Jerome Ruillier.

Goza ezazuela.