Beste bat izatea gustatuko balitzaiguke ere, jasaten ari garen eta oso gogorra suertatzen ari zaigun ez ohiko egoera honi buruzko hausnarketa egitea ezinbestekoa dela uste dugu.
Gaixotasun hau gaixotasun "demokratikoa" dela entzun izan da, edozein gaixotu ahal delako. Osasun arlotik horrela izan daiteke, baina egoera sozialari begira desberdintasun ikarragarriak daude eta egoera honek agerian utzi ditu ezberdintasun hauek.
Etxebizitza da horietako bat. Egun arazo latza baldin bada gure gizartean, orain gauzak zaildu egin dira. Konfinamenduan ez da berdin etxe zabal batean bizitzea zure familiarekin, zein pisu txiki batean bi familia, zein familia bat gela batean, zein aterpe batean, zein kalean…
Ez da berdin konfinamendua eta horri dagozkion beldurrak, zalantzak eta emozioak bakarrik bizitzea, zure familia mila kilometrora dagoenean. Are gutxiago nerabea bazara eta zure herrialdeko egoera ekonomiko eta politikoak behartuta Europako bidea hartu baduzu eta gaixotasunak bidean harrapatu bazaitu.
Desberdin bizi duzu, zure ingurutik urruti egoteaz gain, ama bazara eta bakarrik bizi bazara seme-alabekin, zu gaixotzen zarenean zure umeak non geldituko liratekeen kezkak eta izuak gainditzen bazaitu.
Desberdin erabat, ez dakizunean lanera bueltatu ahalko zaren edo ez,eta zure lana diru-sarrera bakarra denean. Are gehiago beltzean lan egitera behartuta zaudenean eta inongo dirulaguntza eskatzeko eskubiderik ez duzunean.
Zure familiak interneteko konexioa ordaintzeko aukera baldin badu, etxeko lanak egiteko ordenagailua baldin baduzu, zure ikaskideek daukaten aukera berdina izango duzu klaseak jarraitzeko. Eta ikasturtea besteek bezala bukatu ahalko duzu, bestela zailtasun bat gehiago.
Konfinamendua ez da berdina tratu txarrak ematen dizkizunarekin bizi bazara, zure seme alabak egoera hori 24 orduetan jasaten ari badira, ihes egiteko aukerarik gabe.Eta zerrenda luzea da...
Beraz, denak gaixotasunaren menpe bagaude ere, alarma egoera honek dakarren aparteko zama ez da berdina kasu guztietan.