Edo amak kaltetzeko sistemak asmatu duen beste aitzakia bat. Artikulu batean Ester Ruiz Martinek, LUNA elkartekoak, sindromea zertan datzan azaltzen du eta laburpena ekarri dugu.
1985ean AEBetako psikiatra batek erabili zuen lehenengo aldiz, eta bikote banaketa baten aurrean tratu txarrak aipatzen direnean aplikatzen ohi da sindrome hau. Oinarrian esaten du haur batek gurasoetako batekin egoteari uko egiten badio, beste gurasoak manipulatu egin duelako dela. Eta, nola ez, kasuen gehiengo handian ama jotzen da manipulatzailetzat. Eta zertarako manipulatu? Ba txikiak tratu txarrak edo abusuak "asmatzera" iristeko.
Gurasoen Alienazio Sindromearen kontrako Plataformako koordinatzailea den Ester Ruiz Martinek dio sindrome hau asmatu eta erabiltzen hastea Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralaren kontraeraso bat bezalako tresna bat dela. Eta nola iritsi zen Estatu Espainolera? Ba, aipatu koordinatzailearen esanetan banandutako aiten elkarteren baten eskutik, nahiz eta ordurako munduko elkarte zientifiko eta psikologiko guztiek deuseztatua izan balizko sindrome honen existentzia. Osasunaren Mundu Erakundeak ere baztertu du sindrome hau existitu daitekeenik.
Baina oinarri zientifikorik ez badu ere, "mozorrotuta" joan omen da sartzen bai sistema judizialetan baita Gizarte Zerbitzuetako haurtzaroko departamentuetan ere. Instrumentalizazioa, amaren manipulazioa, kezka morbidoa, leialtasun gatazkak… izenekin deitzen diote eta helburua haurraren eta amaren hitza kolokan jartzea da, Ruizen ustean.
Ester Ruizek sistema patriarkal eta matxista baten barruan kokatzen du, eta tratu txarrengatik bereiztu diren ama eta bere seme-alaben kontra doala, zuzen, beste zigor bat bezala.
Dibortzio kasuetan, epaile batek onartzen dituenean amak ustezko sindrome hau edota goian aipatu ditugun izen ezberdinetako “gaitzak” pairatzen dituela, haurren zaintza amari edo aitari emateko garaian amari umeak kentzea nahiko ohikoa da Esterren hitzetan. Ama berriro jipoituta,oraingoan sistemak jipoituta.