Etxebizitza kooperatiboak

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2021ko eka. 21a, 10:02

Etxebizitza kooperatiboak edo cohousing-aren kontzeptua 60-70. hamarkadetan izena izaten hasi bazen ere, orain poliki-poliki gurean hedatzen ari den pertsona helduak bizitzeko modu ezberdina dela esan dezakegu, non gainontzeko bizikideekin zenbait zerbitzu eta etxeko txokoak konpartitzen diren. Eredu hau familia edota pertsona gazteagoen artean hedatuagoa badago ere, azken urteotan bizitzako beste fase batean daudenen artean interesgarria den eredua da. 

Horrelako etxebizitza bat aukeratzen dutenek bizitza pribatua eta amankomunaren arteko harremanari buruzko iritzi bera dute, ikuspegi berdina. Izan ere, modelo hau etxebizitza pribatua eta amankomuneko zerbitzu anitzetan oinarritzen da. 

Bizikideen artean erabakitzen da beraientzat egokiena den elkar bizitzeko eredua, zenbat eta zeintzuk diren amankomunean izango dituzten zerbitzuak (kudeaketa eredua, garbiketa, zaintza, lorezaintza, sukaldaritza, jantokia, ekintzak…).

Eredu honen alde egiten dutenek oso argi dute abantailak anitzak direla. Alde batetik, zahartze aktiboa eta bakoitzaren bizitzaren gaineko erabakiak hartzea errazten du. Bestalde, inguruan parte hartze aktiboa bultzatzen du eta babes emozionala eta konpainia eskaintzen du harreman pertsonalak eta bizitza soziala hobetuz. Honetaz gain, eta alde ekonomikoari begira, etxebizitza batek dauzkan gastu orokorrak konpartitzen direnez merkeagoak izan daitezke zenbait kontzeptu (argindarra, janaria, gasa…).

Argi dago bizitzeko moduak aldatzen ari direla eta baita zahartzarorako nahi duguna ere. Etxe kooperatiboen eredua oso baliogarria izan daiteke bizitzako fase horretan modu kolektiboan, aktiboan eta parte hartzailean disfrutatzeko.