Etxebizitzak irisgarriak egiteko edota laguntza produktuak eskuratzeko dirulaguntzak martxan ditu Nafarroako Gobernuak, 65 urtetik gorakoei, desgaitasun edo mendekotasunen bat dutenei, etxebizitza, autoaren eta behar dituzten laguntza produktuak behar dituztenei zuzendutakoak.
Bi laguntza mota dira:
- Irisgarritasun unibertsala ziurtatzeko –ateak automatizatu, eskailerak kentzeko obrak, bideo atezainak jarri e.a.– balio dutenak, etxe bakarrei zein komunitateei zuzendutakoak. Dirulaguntza hauek eskatzeko epea 2023ko martxoa da.
- Laguntza produktuak eskuratu eta instalatzeko, norberaren etxean edo autoan. Honen bitartez, lortu daitezke altzariak eta etxebizitzetarako egokitzapenak –garabi mota ezberdinak, arnesak, ohe elektrikoak, besaulki ergonomikoak–, irisgarritasun bertikalerako sistemak (igogailuak, eskailera-igogailuak e.a.), etxeko segurtasunerako laguntzak (alarma duten sentsore sistema ezberdinak e.a.), etxean moldatzen laguntzeko domotika sistemak, mugikortasunerako laguntza-produktuak (gurpildun aulkiak, motor elektrikoak e.a.), autoendako osagarriak eta egokitzapenak, komunikaziorako eta informaziorako laguntza produktuak (ikusmen eta entzumen arazoak dituztenendako), etxeko lanak egiten laguntzeko produktuak eta bestelakoak. Laguntza hauek eskatzeko epea 2023ko azaroa da.
Laguntza hauen xedea herritarren irisgarritasuna bermatzea da, autonomia eta bizi kalitateak handitu eta pertsona horiek beren ohiko etxebizitzetan geratzea bermatzea. Hau da, egoitza batera joan beharra atzeratzea edo saihestea. Eskaerak eta informazio zehatzagoa, beti bezala, Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan.