Aurretiazko Borondateak aukera ematen digu idatziz uzteko zer osasun zainketa jaso nahi ditugun, baldin eta ezin badugu gure borondatea adierazi. Hala, osasun taldeek gure nahien berri izanen dute, eta horrek erabakiak hartzen lagunduko die. Bizitzako edozein unetan egin daiteke, eta nahi denean bertan behera uzten ahal da, edo aitzinekoaren ordez lehentasun berriak jarri.
Agiri hau egiteko komeni da osasun arloko langileekin mintzatzea, bai eta senide edo hurbilekoekin ere, jakin dezaten zein den zure nahia. Erabakitzen duzunean zer zainketa jaso nahiko zenituzkeen bizitzaren bukaeran edo zerbaitegatik zure gaitasun psikiko edo fisikoa larriki mugatuak geldituz gero, idatziz jaso behar duzu zer jarraibide bete behar dituzten zuri arreta ematen dizuten osasun langileek.
Tratamendu jakin batzuk onartu edo baztertu egin ditzakezu osasun egoera zehatz batzuetan, edo jarraibideak ematen jaso nahi dituzun ala, kontrakoa, jaso nahi ez dituzun tratamenduei edo zainketei buruz (zainketa aringarriak, organoak ematea, eutanasia).
Nahi izanez gero, ordezkari bat edo bi izendatu daitezke aurretiazko borondateen agirian. Konfiantzazko pertsonak izaten dira, 18 urtetik gorakoak. Haien eginkizuna da osasun taldearekin solaskide gisa aritzea pertsonak borondatea adierazi ezin duenean. Ordezkari horiek onarpena sinatu behar dute.
Aurretiazko Borondateen Agiria norberak nahi duen erara idatz dezake. Bertan pertsonari egoki deritzona jasotzen da. Zernahi adieraz daiteke, baina araudiak baimendutako osasun jarraibideak soilik hartuko dira kontuan.
Idatzi ondoren, nahitaezkoa da hiru figura hauetakoren batek zure aurretiazko borondateen agiria balioztatzea eta berrestea modu askean eta inork derrigortu gabe ari zarela: lekukoak, notarioa edo gizarte langilea. Bestalde, balioztu ondoren erregistratu egin behar da.