Oraindik zaharra ez banaiz, jabetzen naiz egunen batean, beti ere dena ongi badoa, zahartzarora iritsiko naizela? Badakit zahartze prozesua jaiotzen naizen unean hasten dela eta gero eta hurbilago dudala nire zahartzaroa? Zer pentsatzen dut zahartzaroaz? Zein harreman dut inguruan ditudan adinekoekin? Hirugarren adineko pertsonei buruz aritzen naizenean non jartzen dut fokua?
Gustatuko litzaidake zahartzaroaz dugun irudia eta batez ere gizarte honetan gure zaharreei ematen diegun lekuaren inguruko hausnarketa sortaraztea…
Egia da "Zahartzaro" kontzeptua ezberdina dela edo izan dela sasoi, testuinguru eta bakoitza bizi eta garatzen den kulturaren arabera. Erdi aroan 40 urteetako pertsona bat, zaharra zen; 30 urteetatik gorakoak zahartzat hartzen zituzten eta era berean jakintsutzat bere bizi ibilbidean barneratutako eskarmentua kontuan hartuta.
Gero eta urte gehiago bizi gara, horregatik ez bakarrik hirugarren adina baita laugarren adinari buruz ere hitz egiten ari gara garai hauetan. Beraz, gero eta luzeago izan behar bada gure bizitza, ez zaigu komeniko, bada, bizitza garai horri eskatzen duen garrantzia ematea denon onurako?
Adinekoek gizartean duten zeregina aldatuz joan da denborak aurrera egin ahala. Eremu tradizionalenetan adineko helduak errespetatutako eta gurtutako figura izaten jarraitzen duen bezala, gizarte modernoek bigarren mailan utzi dute adinekoek gaur egungo gizartean duten zeregina. Inklusioa, parte hartzea eta bere espazioa berreskuratzea funtsezkoa da hirugarren adinekoek adierazten dutena baino ikuspegi baikorragoa eskaintzeko.
Adinekoak komunitatearentzako zama direla ikusteak ikuspegi murriztailea eta alboratua izaten jarraitzen du. Australia, Japonia edo Txina bezalako herrialdeetan, non adinak jakinduriaren sinonimoa izaten jarraitzen duen, interes bereziarekin baloratzen da adinekoek garapen kultural, intelektual eta politikoari egiten dioten ekarpena. Jarrera horiek dira, gizartean adinekoek duten zeregina berreskuratzearen aldeko ikuspegi aldaketaren norabidea markatu beharko luketenak.
Egitura sozialen aldaketak motelak dira. Beharrezkoa da hainbat mailatan eraldatzea. Gizarte politikak, asistentzia egiturak, gizartearen iritzia eta adinekoek beren buruaz duten kontzeptua ere aldatu behar dituzte.
Kontuan hartuta belaunaldiartekoak garela definizioz, hori bera da dugun erronka, belaunaldiarteko harremanak piztea, adin ezberdinetako kideen arteko harremanak, elkarreragin hori bilatuz. Gure adinekoei aukera eman beharko genieke bizitza osoko esperientzien balioa eta horien bidez lortutako jakinduria gurekin partekatzeko, besteok ekarpen horiez elikatzeko. Haiek freskotasuna, modernitatea, indarra, egungo garaiko bizipenak jasoko lukete, belaunaldien arteko truke horretan elkarri aberastuz.