Gizarte zerbitzuetako etxez etxeko langileek adineko jende asko ezagutzen dugu eta hona gure herrietan entzundako herriko kontakizun batzuk ekarri nahi ditugu.
Helduek kontatzen digutenez, bizitzak eta lanak lotura handia zuten naturarekin, urtaroekin eta eguraldiarekin.
Bizitza eta lana oso ezberdina ziren gaurko egunekoekin konparatuz. Abeltzaintza eta soroen eta larreen lanak nagusi ziren, etxeko aldamenekoen laguntza eta elkarbizitza oso preziatua zen, eta erlazio sozialak sendoak eta alaiak ziren. Hori hala dela hainbat istoriok, bitxikeriak eta esaera zaharrek erakusten digute.
Ilargiaren faseek garrantzi handia zuten hazia ereiteko momentuan nola uzta biltzeko momentuan. Zuhaitzak botatzerakoan ere kontuan hartzen zen, eta fase ezberdin batean botatzen zen haritza edo pagoa baldin bazen.
Txerriak etxe guztietan hiltzen ziren. "Zenbat gose kendu duten" diote helduek. Honetarako ere, hotza handia egin behar zuen, eta hego haizea ez ibiltzea garrantzi handikoa zen.
Soroan ari zirenean erlojurik ez zuten behar zer ordu zen jakiteko. Eguzkiaren posizioa ikustearekin nahiko. Adibidez, Beriain menditik ateratzen zenean, bazekiten zein ordu zen. Horrela, batek besteari esaten zion "Hi! Hamaiketakoa hartzeko ordua duk/dun!". Bizitza lasaiagoa zen gaurkoarekin konparatuz. Ez ziren minutura bizitzen, gaur egun bizi garen bezala.
Elurra maiz eta asko egiten zuen, eta honi lotuta esaera zahar asko daude. "Santu guztien egunerako mendian elurra, San Andres egunerako lurrean eta Santa Katalina egunerako elurra sukaldean".
Badirudi alaitasunarekin bertso antza edota errima erabiltzen zutela, kontra egiteko umore pixka bat sortzeko asmoz.
Horrela kontatzen digute gertatzen zela. Esaera horiek belaunaldiz belaunaldi mantendu dira gaur egunera iritsi arte.
Helduekin gure jakinduria aberastu egiten dugu, guk bizi duguna aurretik beraiek bizi baitzuten. Irakasgai interesgarriak dira.
Istorioak biltzen eta kontatzen jarraituko dugu!!!