Hara zer dien

Pobrezia

Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak 30 urte beteko ditu aurten. Bere jarduna beharrezkoa da gaur egun ere, gure erkidegoan pobrezia edota gizarte bazterkeria pairatzeko arriskua baitu herritarren % 14,5ak. 

Urte hauetan guztietan "argazkia" aldatu da. Hasiera batean oinarrizko beharrak asetzeko aukera ezarekin lotzen zen pobrezia (lan falta, elikagaiak, etxebizitza…); gaur egun, lanak, bere prekarietatearekin, ez du bermatzen oinarrizko beharrak asetzea; etxebizitza duina ez dago denen esku (faltagatik edo alokairu altuengatik, soldaten ehuneko handia bideratzen da horretara ), osasun arazoak dituztenek (fisikoak nola mentalak) aukera gutxiago dituzte, eta familiak murritzagoak izatea, edota migrazioak laguntza sareak ere ahultzen dituzte. 

Erakunde honek dioenez pobrezia heredatu egiten da gaur egun. Transmisioaren dinamika apurtzea ez da erraza, ez dira aukera berriak erraz sortzen; jaioterriak, jaiotetxeak eta testuinguruak erabat baldintzatzen dute bakoitzaren etorkizuna. "Helburua ezin da izan jendeari jana ematea; pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzen dutenak euren bidean laguntzea da egin beharrekoa", baliabideak, ildoak, eta indarra horretan jartzea. 

Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sarearen 30. urteurreneko ospakizunetan, hilero, gai bat jorratuko dute ekitaldi ezberdinetan. Otsailean osasunarekin hasiko dira, eta jarraian, hurrengo hilabetetan landuko direnak: etxebizitza, adingabeak, lana eta formazioa, gizarte parte hartzea, migrazioak, eskubide digitalak, hezkuntza, pobreziaren kontrakoa, generoa eta giza eskubideenak izango dira.
Herritar guztiok bizitza duin bat eta oinarrizko beharrak bermatuak izateko eskubidea dugu. Bide horretatik joan behar dugu erakundeok (baliabideak jarriz) eta norbanako bakoitzak (hutsik ditugun etxebizitzak prezio egokian alokatuz, adibidez) . Gizarteak ezin du onartu pobrezia berezko zerbait balitz bezala izatea.