Nafarroako Gobernuak Etxekide kooperatiba aukeratu berri du "cohousing" edo etxebizitza partekatuen eredua oinarri daukan proiektua aurrera eramateko.
Aurreikuspenen arabera, 2037. urtean Nafarroako 70.000 pertsonak 80 urte baino gehiago izango dituzte, eta hori dela-eta gobernuak etxebizitza partekatuen eredu berriak ezartzeko beharra ikusten du, ohiko zahar egoitzen alternatiba gisa. Bertan banakako espazioak eta talderakoak egongo lirateke.
Eredu komunitario bat da, autokudeatuta, non pertsona guztiek hartzen dituzten erabakiak, ardurak eta lanak, eta, bide batez, bakoitzaren intimitatea eta autonomia bermatzen dira.
Lizitaziora bi kooperatiba aurkeztu ziren, eta Etxekide deitzen denak irabazi zuen. Beraz, beraiek izango dira proiektuaz arduratuko direnak.
Etxekide kooperatibaren proposamenak hainbat irizpide ezartzen ditu lanerako beharko diren pertsonak kontratatzeko. Kontuan hartuko dira eta lehentasuna izango dute elbarritasun egoeran daudenak, gizartetik baztertzeko arriskuan daudenak edo biolentzia matxistaren biktimak direnak.
Proiektuaren ardatzak dira banakako etxebizitzak izatea, eta espazioaren %38 amankomuneko lekua izatea eta bertan sukaldea, jangela, garbitokia, liburutegia, lorategia, zaintza soziosanitariorako gela. Amankomuneko espazio horien kudeaketa bizikideen ardura izango da, eredu parte hartzaile bati jarraituz.
Horretarako ezinbestekoak dira estatutuak eta baita barne araudi bat, denen artean adostuak. Bertan bizikideen inplikazioa arautuko da, hau da, ekintza kolaboratiboak zein diren hautatuko da, eta baita etxebizitza sozial hauetan bakoitzak zein konpromisoa hartu behar duen ere Etxebizitza bakoitza 52 m2-koa izango da eta sartzeko baldintzen artean urteko diru sarrerak 18.500 baino gehiagokoak izatea da. Hasierako ekarpena 30.691 eurokoa izango da, eta hilabeteko kuota 700 euro ingurukoa.
Etxebizitza izateko eredu berriak dira, ez espekulatiboak. Nahiz eta momentuz horrelako gutxi dauden, Nafarroako Gobernuaren asmoa ekimen hauek bultzatzea da.