Gure herrietan denok ezagutzen ditugu beraien familia, herrialdea, lagunak, ohiturak, usainak, janariak atzean utzita lanera etorri diren emakumeak. Bakarrik iritsi dira eta hiru urte pasa ondoren, zortea izan badute eta lan gogorra egin ondoren, lana egiteko baimena lortzen has daitezke. Tramitea luzea izaten da, luzeegia edozein kasutan.
Eta baimen horrek, lan egiteaz aparte, beraien herrira bueltatzeko aukera ematen die hona itzultzeko aukerarekin. Hiru, lau urte luze ondoren, zortea eta dirua aurreztu badute bisitan joaten dira etxera eta hilabeteko epean bueltan izaten dira.
Hemen lanean jarraitzen dute, gogor, askotan etxeetan, pertsonak zaintzen, atseden gutxirekin. Lan gogor horren helburua betetzea lortzen badute, hurrengo urteko oporretatik bueltan seme-alabak ekartzen dituzte.
Umeen adinaren arabera desberdina izaten da, baina beraiek ere iristen dira dena atzean utzita, baita haurtzaro guztian erreferenteak izan diren familiarrak (amonak, izebak, anai-arreba zaharragoak). Eta hemen, amei pasa zitzaien bezala beraientzat dena da berria, gure herriek usain desberdina dute, harreman pertsonalak izateko moduak desberdinak dira, ikastetxeetako dinamikak desberdinak dira… eta, gainera, ezagutzen ez duten eta ama deitu behar duten ezezagun batekin bizitzera joaten dira. Honi gehitu behar zaio batzuetan ez dutela erabat ulertzen zergatik etorri behar izan diren.
Ama hauek lanean jarraitu behar dute eta umeekin kudeatzea zaila izaten da. Daukaten gertuko sareko jendea gehienetan ere lanean dago eta ezin dio lagundu. Horregatik, askotan umeak bakarrik utzi behar izaten dituzte eskolara joateko garaian, eskolatik ateratzean, arratsaldetan ekintzetara joateko, klaseko etxeko lanak egiten… Zer esan haurrak gaixotzen direnean eta etxean gelditu behar direnean edo osasun etxea dagoen herrian ez badira bizi eta pediatrarengana joan behar izaten dutenean, kasu askotan kotxerik ez dagoenean familian.
Gizarte Zerbitzuetatik gonbidatzen ditugu sakandarrak, horrelako familia bat ezagutzen badute beraiengana hurbiltzera, egoera hauek gertutik ezagutzeko eta zergatik ez, aukera izanez gero egoera leuntzen laguntzera.