hara zer dien

Aldaketekiko erresistentzia

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gizarte Zerbitzuak

Heraklito filosofo grekoak zioen bezala “Ezer ez da iraunkorra, aldaketa izan ezik”. Etengabe eraldatzen ari den mundu honetan, aldaketa bizitzaren ezinbesteko eremu bilakatu da, bai norbanako mailan, bai gizarte mailan ere.

Lana utzi, ohiturak aldatu, harreman bat atzean utzi edo, besterik gabe, erabaki garrantzitsu bat hartu: aldaketa pertsonalek gure buruaren aurrean jartzen gaituzte, eta, askotan, geldiarazi ere egiten digute. Gure bizitzak hobera egin dezan zerbait eraldatu behar dela jakinda ere, ez da beti erraza izaten lehen urratsa ematea. Baina aldaketa ezinbestekoa bada eta gure onerako bada, zergatik kostatzen zaigu hainbeste? Gure garunaren helburua ez da gure zoriontasuna ziurtatzea, gure biziraupena ziurtatzea baizik. Aldaketa bat burutzen dugunean energi gastu handiagoa izaten dugu eta hau ez zaio gure garunari batere gustatzen, ez baitaki noiz erabili beharko duen energia hori.

Aldaketa pertsonalak atzeratzeko arrazoi nagusietako bat geure gaitasunetan konfiantzarik ez izatea da. Erabaki garrantzitsu bati edo gure bizitzaren eraldaketa bati aurre egitean, "ezin izango dut", "ez naiz behar bezain indartsua" edo "eta porrot egiten badut?" bezalako pentsamenduak sortzen zaizkigu. Gure barne-baliabideei buruzko etengabeko zalantza horrek gure motibazioa ahultzen du, eta erosotasun eremuan gerarazten gaitu, nahiz eta jakin bertan ez gaudela ondo. Aldaketa, ekintza kontua baino gehiago, askotan erronka mentala da: gai garela sinestea da saiatzeko lehen urratsa.

Aldaketen aurrean pertsonek dugun identitatea galtzearen beldur gara. Aldaketa pertsonalaz hitz egiten dugunean, askotan ez da soilik kanpoko ohitura edo erabakien kontua, geure burua nola ikusten dugun era baizik. Aldatzeak, kasu askotan, gure ustez nor garen zalantzan jartzea dakar. Eta horrek beldurra ematen du, nortasunak segurtasuna ematen digulako.

Programazio neurolinguistikoan, portaera orok asmo positiboa duela esaten da, baita emaitza negatiboa bada ere. Hau da: egiten duguna egiten dugu, funtsean, babesten gaituela edo zerbait baliotsua ematen digula uste dugulako. Horregatik aldaketa ematea kostatzen zaigu, egoerak ematen digun alde positibo hori mantendu nahi dugulako.

Aldaketak egiteko unean mikro-pausoak ematea gomendatzen dute portaeraren psikologia eta neurozientzian adituak direnak. "Egunero ariketa fisikoa egingo dut" pentsatu ordez, "5 minutuko luzapena egingo dut jaikitzerakoan". Edo, azukrea erabat utziko dut aukeratu beharrean, "egunean azukrearekin duen edari bat urarekin ordezkatuko dut". Helburu txiki hauek denboran mantentzean dago gakoa. Honek bulkada sortzen du, sendotasuna errazten du eta aldaketak ahalbidetzen dituzte.

Aldatzea ez da errotik erauztea, desberdin hazten ikastea baizik. Nahiz eta min eman dezakeen, berandu bada ere, beldurra ematen badu ere: aurreranzko mugimendua gauza ezagunetan pitzadura txiki batekin hasten da ia beti.