hara zer dien

Herri zaintzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2025eko irailaren 15a

Bilatzen ez den bakardadea, are gehiago adina aurrera joan ahala, errealitate gero eta kezkagarriagoa da. Hau ere landa eremuan antzematen da. Herri askotan biztanleen zahartze tasa oso handia da eta gelditu gabe doa aurrera, jende gazte asko hirietara joaten baitira oraindik lan bila edo beste bizimodu baten bila.

Etxeak hustutzen dira eta horrekin betiko babes sareak ahuldu egiten dira eta pertsona heldu asko beraiek aukeratu ez duten bakardadean murgilduta gelditzen dira.

Eta ez da bakarrik ondorio emozionala: bilatzen ez den bakardadeak, eta luze jotzen badu, osasun mentalean eta fisikoan eragin zuzena dauka: bihotza eta zirkulazioko gaixotasunak areagotzeko arriskua, depresioan erortzekoa edota narriadura kognitiboa lehenago pairatzea. Baina datuetatik haratago zerbait sakonagoa dago: ahaztuta, baztertuta sentitzearen sentsazioa. Bizitza aurrera doala, gizartea aurrera doala baina norbera bakarrik dagoela eta bertan gelditzen dela.

Honen aurrean zaintzaren eredua birplanteatzea da gelditzen den bidea. Ez da nahikoa konponketa indibiduala edo asistentzialarekin. Komunitateak foku desberdina eman beharko luke non pertsona helduek daukaten balorea mahai gainean jartzen den.

Horretan zaintza kolektiboaren bidea: biztanleen arteko sareak sortu edo indartu, kasuen arabera; ideiak elkar trukatzeko lekuak edo espazioak sustatu; belaunaldien arteko ekimenak burutu.

Horrek guztiak herrietan zahartze aktiboa bultzatzen duen politika publikoak behar ditu eta horien barruan garraioa erabiltzeko erraztasunak jarri, osasun arloa eskura izan, eta teknologian eta kulturan pertsona helduak kontuan hartu ere bai.

Hori guztia kontuan hartuta, Sakanako udal gehienek eta gizarte zerbitzuetako hiru mankomunitateek bultzatutako Teknoadineko programan sartuta gaude. Programa hau aitzindaria da Nafarroan, eta bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako pertsonei begira dago. Teknikariak pertsona horiengana jotzen ari dira, eta jasotzen ari diren informazioarekin herriz herri zenbait ekintza burutu dituzte eta programatzen ari dira.

Sakana, zaintzen duten herriak.