hara zer dien

Elikagaien Bankua

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2025eko azaroaren 10a

Elikagaien Bankuak urteak daramazki gure artean. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, apolitikoa, akonfesionala eta boluntariotzan oinarritua. Janari xahuketaren kontra egiten du ere, baina xede nagusia elikagai beharrei erantzuna ematea da. Elikagaiak, dohaintzak jaso eta banatu edota diruzko dohaintzekin beharrezko elikagaiak erosi. Doan banatzen dira pobrezian edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonen artean.

Gure bailaran ere lan egiten dute, Irurtzundik Ziordira, boluntarioen bitartez beharra dutenek elikagai kopuru bat jasotzen dute hilero. Egoki egiteko, boluntario hauek formakuntza jasotzen dute; orientazioa haien lana errazteko eta elikagaien segurtasunaren ikuspegitik eta elikadura segurtasuneko arauei jarraituz. Banaketa erakundeetan elikagaiak entregatzeko jardunbide egokiak ematen zaizkie alor ezberdinetan: kutsadura, elikagaien bidez kutsatzen diren gaixotasunak, higiene eta manipulazio praktika egokiak, instalazioen egoera eta hauen mantentzea, garbiketa eta desinfekzioa, banaketa nola antolatu eta kudeatu, jakien hartzailearen izena eta helbidea jasotzen dituen dokumentu edo albaran bat aurkezteko beharra...

Esan bezala bailaran badu bere egin beharra, baina Altsasuren kasuan martxotik ez da banaketarik eman. Zergatik? Udalak banaketarako utzitako lekuak ez dituelako beharrezko baldintzak betetzen (lurra, argiteria…) eta egokitzeko beharrezkoa da obrak egitea. Obra horiek oraindik ez dira egin egin eta bertako 121 familiek (337 pertsonek), 7 hilabetetan ez dute jakirik jaso, eta ez dakite egoera hau noiz arte luzatuko den.

Azaroko lehen aste honetan janari bilketa handia egiten da; herriko denden sarreretan kutxa batzuk egongo dira janaria biltzeko boluntarioak alboan daudela. Nahi izanez gero parte har dezakezu dohaintza ematen edo boluntario gisa lanean.