Guraso asko kezkatuta daude haur eta nerabeen mugikorren erabilerarekin, eta zalantzak dituzte seme-alabei mugikorra zein momentutan eman, zein den adin egokia eta noiz erabil dezaketen modu arduratsu batean. Nahi gabe, teknologien “erabilera arduratsuaren” diskurtsoa erosten ari gara. Adin txikikoen esku uzten ari gara nor bere burua erregulatzeko ardura, helduok ere erraz kudeatzen ez ditugun gailuen aurrean.
Beraz, dilema ez dago adingabeek modu egokian erabiltzen duten ala ez. Hori ez da geure buruari egin beharko geniokeen galdera. Galdera da ea 16 urtetik beherako adingabe batek, mendekotasuna sortzeko diseinatuta dagoen tresna bat kudeatzeko prestatuta dagoen. Adituen erantzuna argia da: ez daude prestatuta.
Garrantzitsua da gure seme-alabak zer eboluzio-etapatan dauden jakitea, eta horren arabera euren esku zer jartzen diegun pentsatzea. Hau da, pertsona bati laguntzen ari gatzaizkio mendekotasuna eragin dezakeen baliabide batekin harreman osasungarria izan dezan.
Datuak mahai gainean: UNICEFen azken txostenak dio 11 eta 15 urte bitarteko gazteen %30 inguruk Internet eta sare sozialak modu desegokian erabiltzen dituztela. Erabilera hori askotan lotzen da oso maiz konektatuta egotearekin, konektatuta egoteko beharrarekin eta beste gizarte eta familia harreman batzuk alde batera uztearekin.
Beraz, hezkuntza digitala beharrezkoa da, besteak beste, erabiltzen hasteko adina atzeratzeko, erabilera-denbora mugatzeko, telefonoa itzalita egongo den ordutegiak ezartzeko (esate baterako, otorduetan edo oheratzeko orduan), eta zibersegurtasuna bermatzeko.
Hala ere, hori guztia ez da nahikoa: zibersegurtasuna garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa da seme-alaben gaitasun emozionalak garatzea. Ona da gure sare sozialak erabiltzeko arau batzuk adostea, baina arreta jarri beharko genuke horietan nola elkar eragiten dugun besteekin. Oso garrantzitsua da haiekiko trebetasun emozionalak lantzea: enpatia, asertibitatea… Sare sozialetan zerbait publikatu edo partekatu aurretik bi aldiz pentsatzea, errespetuz jokatzea eta argitaratzen dugunak norbait iraindu dezakeen hausnartzea erakutsi behar diegu.
Dena oso azkar gertatzen da sare sozialetan; erabakiak ia pentsatu gabe hartzen dira. Horregatik, erakutsi behar diegu beste pertsona batzuk gaizki senti daitezkeela, eta kontuan hartzen lagundu nola senti daitekeen beste pertsona bat.
Inoiz baino beharrezkoagoa da etika falta duen industria boteretsu baten aurrean hezkuntza kritikoa izatea, modu kolektiboan kontzientziak pizteko.
Deskonexio digitalaren alde, gure bizitzetara benetan konektatzeko.