hara zer dien

Pantailen zarata

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2026ko otsailaren 2a

Gero eta zailagoa da pantailen zarata isiltzea. Mugikorra poltsikoan dardarka hasten denean, barruan zerbait pizten da: jakin-mina, presioa edo ohitura huts bat. Batzuetan ez gara konturatzen zenbat aldiz begiratzen diogun, zenbat minututan galtzen garen pantailetan, zenbat une irensten dizkigun. Mugikorrera adikziora iristen ez bagara ere, askotan denbora gehiegi ematen diogulakoan gaude. Erraza dugu jakitea benetan zenbat denbora pasatzen dugun berari begira, baina begiratu baino lehen, pentsatu zenbat denbora pasatzen duzula uste duzu? Eta zeri begira pasatzen duzu denbora gehiena?

Orain goazen begiratzera benetan mugikorrari begira zenbat denbora pasatzen dugun. Mugikor guztiek dute pantailaren erabilera denbora neurtzen duen funtzio bat. Mugikor gehienetan ajustes edo ezarpenak zabaldu, (ikono zirkularra, ertzetan hortzak dituena, mekanismo pieza baten antzekoa) eta bertan Ongizate digitala eta gurasoen kontrolak sakatu. Beste batzuetan equilibrio digital sakatu behar da.

Hor duzu mugikorrean pasatzen duzun denbora eta zertan. Harrituta? Pantailen adikzioa ez da beti dramatikoa; sarritan sotila da, oharkabean sartzen den hari fin bat, eguneroko ohituren artean korapilatzen dena. Baina deskonektatzea, adikziora iritsi ez bagara ere, erraza izan daiteke. Ez da teknologia ukatzea, baizik eta kontrola berreskuratzea, muga txikiak jartzea: otorduetan mugikorra alde batera uztea, ohera joan aurretik pantaila itzaltzea, paseo bat telefonoa etxean utzita egitea. 

Hasieran deserosoa izan daiteke, hutsune bat sortzen da, baina hutsune horretan arnasa agertzen da. Bat-batean, zarata digitalaren ordez, gure barruko isiltasun xaloa entzun daiteke. Gure buruak leku gehiago izango du pentsatzeko, sentitzeko eta presente egoteko, eta baita inguruan dugunei begiratzeko. Deskonektatzeak ez du esan nahi mundutik aldentzea; mundua bestela bizitzea baizik, arreta sakonagoarekin eta elkarrizketa garbiagoekin. Interesgarria izan daiteke gai honi buruz hitz egitea eta alternatibak planteatzea.