Mendekotasuna duten pertsonek bermatutako zerbitzu berri bat dute eskuragarri Sakanan: "autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko zerbitzua", zehazki. Doakoa, arreta anbulatorioko zerbitzua izango da, Altsasuko Josefina Arregi klinikan kokatua. Zein da bere xedea? Norberaren autonomia sustatzea, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko duten gaitasuna sustatzea edota indartzea, ongizatea eta bizi kalitatea hobetuz, eta zaintzaileak lagunduz ere bai.
Zerbitzu mota ezberdinak izan daitezke, beharren araberakoak: terapia okupazionala, ezagutzaren estimulazioa, autonomia funtzionalaren sustapena eta berreskuratzea.
Zerbitzua eskuratzeko baldintzak: mendekotasun maila bat aitortua izatea, Nafarroan bi urtez jarraian erroldatua izatea eta egokitasun txostena izatea. Zerbitzuaren intentsitatea mendekotasunaren mailaren arabera izango da:
- Mendekotasun ertainak, gutxienez ere 20 orduko arreta hilean, edo haren baliokidea saioetan.
- Mendekotasun larriak, gutxienez 12 orduko arreta hilean, edo haren baliokidea saioetan.
- Mendekotasun handiak, gutxienez 8 orduko arreta hilean, edo haren baliokidea saioetan.
Eskaera Banakako Arreta Programaren, PIA esaten zaionaren bitartez eskatzen da Oinarrizko Gizarte Zerbitzu edota osasun etxeetan. Prestazio eta zerbitzu guztiekin bateragarria da, eguneko arretarekin eta egoitza arretarekin izan ezik. Kontuan hartzekoa da ez duela garraioa bermatzen; beraz norberaren kontu izango litzateke Josefina Arregira joatea. Azaldu den bezala, edozein mailatako mendekotasun egoera duten pertsonei zuzenduta dago, baina maila ertaina aitortuta duten pertsonentzat zuzenduta dago nagusiki.