Bizitzako uneren batean, ia denok sentitu gara bakarrik: egun zail baten ondoren, galera baten ostean, lanpostuz aldatzean edo baita jendez inguratuta gaudenean ere.
Bakardadea esperientzia emozional bat da. Gure harremanek laguntasun, maitasun edo talde bateko kide izateko beharrak asetzen ez dituztela sentitzen dugunean agertzen da. Bakarrik egotea ez da beti negatiboa; borondatezkoa denean, aberasgarria da atseden hartzeko edo hausnartzeko. Arazoa nahi gabekoa denean sortzen da, harreman esanguratsuen faltak hutsune sakona eragiten duenean. Horregatik, pertsona batek familia edo lagunak izan ditzake inguruan eta, hala ere, bakarrik sentitu.
Nahi gabeko bakardadeak tristura, antsietatea eta autoestimu baxua dakar. Denboran luzatzen denean, isolamendua areagotu eta haustea zaila den zirkulu bat sortzen du. Gaur egungo gizartearen paradoxa da: lagunduta egon arren bakarrik senti gaitezke, presentzia fisikoak ez baitu lotura emozionala bermatzen.
Zer egin dezakegu aurre egiteko? Ez dago irtenbide miragarririk, baina badaude hobeto sentitzen laguntzen duten pauso txikiak: nola sentitzen garen hitzez adierazi, bizitza aktiboa mantendu, harremanak zaindu, topagune berriak bilatu eta laguntza eskatu.
Bakardadeari aurre egitea komunitatearen erronka ere bada. Denok lagun dezakegu keinu txikien bidez: bakarrik bizi den auzokide batez interesatzea, senide bati deitzea edo lagun bati patxadaz entzutea. Elkarrizketa batek edo irribarre batek uste baino eragin handiagoa du.
Nahi gabeko bakardadea ez da beti ikusten. Horregatik da hain garrantzitsua horri buruz hitz egitea eta pertsonak entzunak eta baloratuak sentituko diren komunitateak eraikitzea. Denok behar dugu zerbaiten parte garela sentitu.
Eta zuk, norbaitek "zer moduz zaude?" galdetzen dizutenean, benetan nola sentitzen zaren esatera ausartzen al zara?