Hodei eta Rodrigo gela berean daude, Sakanako herri bateko ikastetxe batean. Biak justu ibiltzen dira ikasturteko helburu akademikoetara iristeko, batez ere matematiketan. Lagun handiak dira eta futbola gustuko dute.
Ikastetxean errefortzua dute, biek, baina batzuetan ez da nahikoa, ikasgelan asko daude eta Hezkuntza Departamentuak jartzen dituen errefortzuko orduak gutxiegi dira.
Hodei arratsaldetan ondoko herri bateko akademia batera eramaten dute, akademia pribatu batera, behar duen laguntza gehigarri hori jasotzera.
Aita eta amarekin bizi da eta biak lanean daude, baina laneko txandak moldatzeko aukera dute, bata edo bestea libratzeko. Eta estualdi batean, Hodeiren izeba batek akademiara eraman eta bueltan ekartzen du.
Rodrigo bere amarekin bizi da, aitaz aspaldi ez dakite deus. Amak bi lan ditu. Goizean etxe batean egiten du lana; pertsona heldu bat zaintzen du goizeko zazpietatik arratsaldeko bostak arte. Bera etxera iristen denerako Rodrigo etxean dago, etxeko lanak egiten laguntzen dio baina amak semeak ematen dituen gaiak ez ditu ongi menperatzen, ezta euskara ere ez.
Rodrigok eta bere amak goizter afaltzen dute, ama bigarren lanera joan baino lehen, beste pertsona heldu bat oheratzen laguntzen baitu. Etxera bueltatzen denean Rodrigo ohean dago.
Tutoreak Rodrigori laguntza ongi etorriko litzaiokeela esan zionean ondoko herriko akademian galdetu zuen baina bi soldatekin jasotzen duenarekin ez da nahikoa gastu guztiei aurre egiteko: etxeko alokairua, eguneko gastuak, eskolako materiala, bere jatorrizko herrialdean seme gazteena zaintzen gelditu den amonari dirua bidaltzeko, ahalik eta azkarren seme hori ere Sakanara ekartzeko zeozer aurreztu.
Gainera ez du kotxerik eta gidatzeko baimena homologatzeko bere egoera erregularizatu arte itxoin behar du, oraindik urte eta erdi…
Argi utzi nahi dugu politika publikoetan aukeren berdintasunaz ari garenean egoera guztiak hartu beharko liratekeela kontuan, batez ere ume eta gazteei benetako aukera berdinak emateaz ari garenean.