Dena aldatzen doa, Heraclitok zioen moduan, edo aldaketa zentzumenen lilura bat besterik ez da, Parmenidesek defendatzen zuen moduan? Filosofiaren eztabaida klasiko honetan Aristotelesek muturra sartu nahi izan zuen edozein aldaketak potentziatik egintzarako urratsa dakarrela baieztatzeko, non potentzia edo ahalmena balizko aukera bat besterik ez den gauza bat beste batean bilakatzeko.
Adibidez, energia berriztagarriak egintzan potentzia edo ahalmena daukate energia hornikuntza sistema alternatibo batean bilakatzeko, deszentralizatua, tokian tokiko kontrolpean eta aldaketa klimatikoan kalte txikiagoak sortuz. Aristotelesi jarraituz, aldaketa prozesu batean geundeke, baina egiazko gertaeren garapenari jarraikiz, egintzari dagokionez, beldur gara Parmenides ez ote zihoan hain oker baieztatzen zuenean besterik gabe zentzumenen lilura baten aurrean gaudela, bestela esanda, marketing estrategia huts baten aurrean gaudela dena aldatzen denaren irudia emateko eta bide batez, aldaketa aukera eragozteko. Gure kasuan, eredu energetikoa.
Zaila da benetan, lilurakeria ez deitzeagatik, sinestea ingurumenaren kolapso globala eragin duten berberek ekarriko digutela energia ereduan aldaketarik, edota Espainiako Erreinuan egin nahi diren 1.400 haize eta eguzki makrozentralen atzean dauden funtsa putre transnazionalek eraginkortasuna eta deszentralizazioa lehenesten dituen eredu baten aldeko apustua egiten ari direla, edota zergatik ez, tokian tokiko kontrol publikoa sustatzen dutela energia burujabetasunari bidea irekiz.
Bei bei, beye, Sakana zertan dabil festa honetan? Argi eta garbi adierazteko, haien lotune elektrikoen euskarri fisiko gisa zerbitzeko, iragateko lurraldea besterik ez, merkealdi prezioan eta espekulazioaren aldarean inmolaturik, hori bai, berriztagarrien mantu berde batez apaindurik oraingo honetan.
REE SAk eta Forestaliak proiektaturiko goi tentsioko lineak, sarrerarik eta irteerarik gabeko autopistak dira, Sakanako paisaia altzairuzko eta kablez beteriko kalbarioa bilakatu nahi dutenak.
Proiektu hauen aurka jartzeak egintza eragoztea dakar potentzia bizirik mantendu ahal izateko, gure garapen beharrekin bat heldu den alternatiba bat mamitzeko aukera, eta bide batez, gure natur guneak errespetatzeko.