Goiener eta Bidezko Energia ekimena bizikletaz eta oinez egiten ari ziren martxak aprobetxatuz, batzar interesgarria egin genuen joan den astean Etxarrin. Haiekin batera, nekazari eta abeltzainen Belardi ekimena egon zen, baita AHTren eta autopista elektrikoen aurkako taldeak ere.
Espainiar Estatuan egon den inoizko gobernu aurrerakoiena sustatzen ari den haize errotek eta eguzki baratze erraldoiek natur gune garrantzitsuak eta batez ere, laborantzarako lurraldeak okupatuko dituzte, multinazionalen onurarako eta energia burbuila espekulatiboa indartzeko. Proiektu horiek gauzatuko balira, urtez urte energia elektrikoaren kontsumoa txikitzen doan Estatu honetan, gehiegizko ekoizpena bikoitza izatetik (gaur egun bezala), laukoitza edo boskoitza izatera pasako litzateke soberakin horiek ezerezean galduz edo frantziar Estatura esportatuz (energiaren % 80 galtzen da sistema honekin).
Sakanatik pasa nahi dituzten bi autopista elektriko horiek espekulazio eta multinazionalen onurarako proiektuak besterik ez dira, lur emankorrenak okupatuz eta galbidera garamatzan sistema elikatuz.
Egun hauetan datu ikaragarri bat ezagutu dugu: uztailaren 5ean munduko inoizko bataz besteko tenperatura altuena izan zen. Uztailaren 6an, atzera berriz, errekor hori gainditu zen, eta gauza bera 7an. Nature aldizkarian zientzialari talde batek argitaratu berri du munduko ekosistemaren oreka mantentzeko beharrezkoak diren 8 adierazleetatik 7ren mugak gainditu ditugula eta saihestezineko desoreka batean sartuko garela berehalako "trantsizio integral" bati ekiten ez badiogu.
Nahiz eta gobernuek informazio hori guzia izan, sasi aldaketa usteletan dabiltza, betikoei betiko mesedeak eginez. Azkena, Garoñan. 40 urteko irabazien ondoren nork eraitsiko du zentral nuklearra? Iberdrolak eta Endesak? Ez. Enresak, enpresa publiko batek. Beste behin ere, irabaziak pribatuak izanik, baina gastuak publiko bilakatuz.