Azken hilabeteetan aurreratzen genizuen moduan, autopista elektrikoen proiektua aurrera eramateko urratsak ematen doaz. Izan ere, aurki eman diote lehen onarpena Forestalia enpresa pribatuak bultzatzen duen proiektuari. Enpresak sustatzen dituen bi linea elektrikoetako bati, Kyoko delakoari, Ingurumenaren gaineko Eraginen Adierazpena (IGEA) onartu diote. Lineak Sakana guztia zeharkatuko luke eta ebakidura latza eragingo luke gure ibarrean.
Gogora ezazue Red Eléctrica de Españak eta Forestalia enpresa pribatuak 400 KVko bi autopista elektriko eraiki nahi dituztela argindarra garraiatzeko, inolaz ere Sakanari edo Nafarroari zerbitzua emateko. Bi autopistak bata bestearen ondoan joanen lirateke, gure bailara bere luzera guzian zaurituko luketen bi azpiegitura erraldoi eta paraleloak osatuz.
Proiektua gauzatzeko lehen urratsa eman duten arren, oso baikorrak gara oraindik: batetik, jaso duen onespenari baldintza zorrotzak jartzen dizkietelako , eta bestetik, proiektuak Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren onespena behar duelako.
Gure plataformak eginiko alegazio dezente onartu dituzte, bi proiektuak paraleloki eraikiz gero, kalteak metatu eta biderkatuko liratekeela salatzen baikenuen eta horregatik, Forestalia, REEren linearen gainean joatea behartzen dute Nafarroako ibilbide gehienean, baita Sakanan ere. Era berean, linea hau herriguneetatik gutxienik 500 metrora egon beharko dela zehazten du IGEAk.
Baina oztoporik handiena Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuan dauka linea honek, “ez baita bateragarria babesturiko espezien kontserbazioarekin”, Jose Maria Aierdi kontseilariak esan duenez. Euskal Autonomia Erkidegoak ere “basabizitzari eraginen liokeen kalteagatik” hainbat alegazio aurkeztu ditu. Gogoan izan erkidegoen ingurumen sailen onarpena behar dela proiektuak aurrera egin dezan.
Bukatzeko, gure harridura adierazi nahi dugu REEren eskumena den goi tentsioaren kudeaketa enpresa pribatu bati ere eman izana, eta bere sare pribatua REEren linea gainean joatea ahalbidetu izana. Eta onartezina iruditzen zaigu, halaber, oraindik ere, REEren linearen inguruan aldeko edo kontrako txostenik ez dagoenean, dagoeneko, Forestaliarena, onarturik ez dagoen honen gainean joanen dela esatea.