Urriaren 9an Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) Forestaliako Kyoko proiektuaren ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu zen eta azaroaren 23an Forestaliako UME proiektuaren eta REEren Itxaso-Castejon/Muruarte LATarena. Horrela, ingurumen izapide irregular, harrigarri eta legez kanpokoaren fasea itxiko dute.
Autopista Elektrikoaren Aurkako plataformak, hamar urte luzez egin duen lanari esker, gaur egun dauzkagun goi tentsioko bi lineen indartzea eta oso goi tentsioko beste bi linea berri eraikitzeko zituzten asmoak zapuztu ditu, eta Forestalia eta REE sustatzaileek partekatutako lerro berri bakar bat eraikitzera igarotzea lortu du. Ez dugu ahaztu behar, dena den, lurralde inpaktu itzulezina duten proiektu inposatuak direla guziak.
Urtarrilaren erdialdean, udaletara heldu da Forestaliaren Kyoko proiektuari Aurretiazko Administrazio Baimena ematen dion Ebazpenaren jakinarazpena. Heldu den egunetan iritsiko dira UMErenak eta REErenak. Baimen hori ez da izapide hutsa, ebazpen garrantzitsua da, fitxa mugitzera behartzen gaituena. Horregatik, plataformaren azken bileran aho batez erabaki dugu administrazio bidean errekurtsoa jartzea.
Errekurtsoari eusteko arrazoi ugari daude. Garrantzitsuena da funtsezko aldaketak daudela jendaurrean jarritako proiektuen eta azkenean onarturikoaren artean, eta horrela, indarrean dagoen Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legea urratzen da; horrek ingurumen ebaluazioko prozesu berri bat hasteko betebeharra ekarriko luke.
Esperientziak esaten digu, ordea, legezko bideak bakarrik erabiltzea ez dela nahikoa; horregatik, herritarren gehiengoaren borondatea errespetatzea ahalbidetuko duten informazio, kontzientziazio eta
mobilizazio mekanismoak berriro aktibatu beharko ditugu.
Sisiforen mitoan bezala, harriari berriro bultza egin beharko diogu, pentsamendu bakarraren aldapa maldatsuan zehar.