Maiatzaren 22an espainiar estatuko sistema elektriko guztia itzalaldi baten arriskuan egon zen. Komunikabide batzuk egoera arriskutsu hau baliatu nahi izan dute enpresa elektriko pribatuen alde egiteko. Baina datuek bestelako arrazoiak azaleratzen dituzte. Espainiar estatuan bataz besteko kontsumoa 26 GWkoa da. Kontsumo handieneko uneetan, gailurra deitzen dena, 41 GWkoa izaten da, baina ekoizpen ahalmena 120 GWkoa, hau da, momentu gorenean kontsumitu dezakegunaren hirukoitza. Nola da posible hortaz, hiru aldiz gehiago ekoiztu ahal izatea eta hala eta guztiz ere, itzalaldi baten arriskuan egotea?
Alde batetik, sistema berriztagarriak jo eta ke energia sortzen ari direnean, prezioak izugarri jaisten dira, zero mugaraino. Bestetik, bat batean energia gehiagoren beharrean gaudenean enpresa pribatu batzuek, ziklo konbinatuko gas zentralak kasu, ez dute abian jartzea nahi energiaren prezio baxuengatik.
Hau guztiagatik, gaur egun, ezinbestekoa daukagun energia ezin daiteke soilik interes ekonomikoak mugitzen dituen enpresa pribatuen esku utzi. Bestetik, energia berriztagarria aldizkakoa denez, asko instalatu behar da eraginkorra izan dadin eta gainera, erregai fosilak erabiltzen dituzten zentral sortzaileak behar ditugu, badaezpada. Bukatzeko, jendartearendako hain beharrezkoa den energia ezin da esku pribatuetan utzi eta honen sorkuntza eta banaketa sektore publikoaren menpe egon beharko luke.
Sakanari dagokionez, energiaren espekulatzaileek aurrera darraite. Espainiako Sare Elektrikoa (REE) onarturik ez daukan linea berrirako lurrak eta bidezidorrak erosten saiatzen ari da. Forestaliako bi lineei baimena eman dio Madrilgo gobernuak, ez ordea oraindik, Nafarroakoak. Bien bitartean, aldaketa klimatiko eta krisi ekosozial honetan Sakana mailako komunitate energetiko bat sortzeko urratsak ematen hasi dira batzuk. Intzaaun bat beekin!