Hainbat udalek "4 minutuko dutxa planetaren onurako, jendarte jasangarriago bat izateko" ekimenarekin bat egin dutela jakin dugu. Udal hauen asmo zintzoak ezbaian jarri gabe, eta hainbat "adituk" astean bizpahiru dutxa 10 minututik beherakoak gomendatzen dituztela jakinik, kanpaina honen erroan dagoen mezu ez agerikoa da sumintzen gaituena. Hau da, herritar xumeak garela egoera okertu ez dadin gauza asko egin ditzakegunak eta hauek egin ezean, krisi klimatikoaren arduradunak garela. Orduan, pisu txiki batean bizi denak 4 minutu dauzka dutxan eta txaleta, lorategia eta hiru auto garajean dituenak gutxiago? Edo berdin?
Gauza bera gertatu zen 2008ko krisi ekonomikoan. Orduko arduradun politiko eta mediatikoek mantra hau zabaldu zuten: "geure ahalmenen gainetik bizi izan gara". Baina hala bizi izan ginen? Hala bizi ote gara? Edo hala bizitzera bideratzen gaituzte?
Guri eguneroko gauza txikietan aldatzea eskatzen digute eta errudun sentiarazi, egiten ez baditugu. Baina benetako aldaketa, sistemikoa dena, ekoizpen eredu eta garraio, armagintza industria, mugikortasun eredu, alferrikako makro proiektu xahutzaile edota energia sorkuntza eta banatze sistema pribatuak betiko bidei darraie.
Orain, Ukrainako gerraren aitzakian, Europak armagintzan diru itzelak gastatzea erabaki du urteetan NATOk exijitu dion bezala. Israelgo Estatu sionistak Gazako zerrendaren aurka daraman gerra genozidan 80.000 tona bonba jaurti ditu Europaren sostengu ziztrinarekin. Bonba gehienak ehiza hegazkin bonbaketariek bota dituzte. Zenbat energia eta lehengai behar da 1.000 kiloko bonba yankee bat egiteko? Eta Gazako haurren gainean botatzeko? Zenbat balio du ehiza hegazkin bonbaketari bat erabiltzea hain garestia den JP-8 erregaia erabiliz? Ba soilik aireratzeko 500 litro erregai behar ditu, baina mesedez, zuk, 4 minutuko dutxatxoa har ezazu.
Ez ote litzateke jasangarriagoa palestinarrak lurretik bonbardatzea?
Bien bitartean, espainiar Estatuan kontsumitzen den energia baina bost aldiz gehiago sortzeko proiektuak eta hauek garraiatzeko ezinbestekoak diren autopista elektrikoak aurrera doaz sakandarren bizitzan eragin zuzena izanen dutenak, baina zuen dutxak, mesedez, gehienez 4 minutukoak izan daitezela.