Hara zer dien

Alarma faltsua labirintoan

"Forestaliak Aragoi eta Gasteiz arteko goi tentsioko linearako baimena galdu du", urriaren 16ko titular horrekin, hedabide batzuen praxi profesional txarrak Sakanako sare sozialetan Kyoko goi tentsioko linearen proiektua bertan behera uzten zenaren berria hedatzea eragin zuen; zoritxarrez, ez da horrela.

Egun bereko Estatuko Aldizkari Ofizialak ebazpenean argitaratu zena hau da: bakarrik Gasteizko azpiestazioren sarrerari eragiten dion Secretariat eta Securita proiektuen ebakuazio linea bertan behera geratzen da.

Bi proiektu horiek Kyokorekin partekatzen zuten ebakuazio linea. Aragoiko Forestalia enpresak "autopista" elektrikoan sartu nahi dituen proiektuetako bi gehiago dira.

Labirintoan alarma faltsua. Eta labirintoa esaten dugu, horretan bihurtu delako Forestaliaren eta REEren lineen tramitazioa, neurri handi batean duela hamar urte baino gehiago hasitako bi proiektu horien aurka egiten ari garen borroka luzearen ondorioz.

2024ko hasieratik Sakanako udal guztiek, Altsasukoak izan ezik, helegiteak aurkeztu dituzte, bai gora jotzeko helegiteak, bai administrazioarekiko auzien aurreko errekerimendua, gaur gaurkoz ebatzi gabe jarraitzen dutenak.

Bien bitartean, REEk goi tentsioko linea pasako litzatekeen lurrak bereganatzeko asmoarekin aurrera jarraitzen du, oraindik ere Herri Onurako Adierazpena lortu ez badu ere. Lur jabeak engainatzea eta beldurraraztea bilatzetik hurbil dagoen arduragabekeria ekintza bat da. Eta hori lursailetako jabeen artean kezka eta nahasmena sortzen ari da.

Prekarietate testuinguru batean epeak agortuz doaz, pilotak ministerioaren teilatuan jarraitzen du. Eta gurean, ulergarria izan daitekeen akiduran ez erortzeko gure gaitasunean. Izan ere, honaino iritsi bagara, oposizio lan nekaezin baten emaitza izan da, lortutako beste helburu batzuen artean, beraien "autopista" labirinto bihurtu duena.