Autopista elektrikoen labirintoak oraindik argitu gabe jarraitzen duenean, Red Electrica de España enpresak Itxaso/Castejon-Muruarte goi tentsioko linea eraikitzeko behar dituen lurren gaineko eskubideak lortzeko ahaleginetan jarraitzen du. Ehunka lur jabeen artean kezka, nahasmena eta kikiltzea bila dezakeen erantzukizun gutxiko praktika irregularra.
REE-k ez du oraindik ez Administrazio Baimena ezta Erabilera Publikoko Adierazpena lortu, eta hala ere, lineak zeharkatuko dituen herriak bisitatzen ari da kontratuak eskaintzen.
REE-ren jokabide irregular eta praktika txarren aurrean, galdera asko daude erantzunik gabe. Nola liteke REE-k, Administrazio Baimenik gabe, lurren okupazioen zehaztapenak egin eta sailkapenak, mozketa eta sarbideak zehaztea? Nola liteke "servidumbre" eremuaren zabalera zehaztea, oraindik ez dakitenean zenbat zirkuitu izango diren eta, beraz, zein dimentsiotako torretak behar izango diren? Lurjabeen edo tokiko eta foru erakundeen eskura ez dagoen, administrazio tramiteetatik kanpoko ezkutuko informazio pribilegiatuarekin jarduten al da REE?
Segurtasun juridiko eta teknikorik gabeko egoera honek ez dirudi oztopo, REE-k lurrak bereganatzen saiatzeko, etorkizuneko desjabetze baten mehatxupean. Espekulazio maniobra bat ere izan daitekeena, goi tentsioko negozioa benetan, orain linea bategatik ordaintzea, gero hirugatik ordaindu ordez.
Egoera honen aurrean, Autopista Elektrikorik Ez Plataformatik, REE-ren praktika gaitzesgarriak salatzen ditugu, eta lasaitasuna eskatu nahi diegu lurren jabeei. Beharrezko baimenik ez duten bitartean, azkenean azpiegiturak izango dituen ezaugarriak ezagutzen ez ditugun bitartean, aurkeztutako errekurtsoak eta aurkeztuko direnak ebazten ez diren bitartean, enpresa elektrikoarekin inolako akordiorik ez sinatzea aholkatzen diegu.