Haiengatik, guztiongatik

Azaroaren 25ero bezala, gure herrietako kaleak aldarrikapenez beteko dira beste behin emakumeen aurkako indarkeria salatzeko. Indarkeria hori giza eskubideen urraketa bat dela aldarrikatzen dugu berriz ere, bai eta gure jendartean diren botere- eta desparekotasun-harremanek eutsitako sistema patriarkalaren adierazpenik krudelena ere. 

COVID-19aren pandemiak agerian utzi du oraindik ere bere horretan dirauten desberdinkeriak. Krisiek ez dute berekin ekartzen desberdinkeriak gutxitzea edo desagertzea, kontrakoa baizik. Konfinamenduak emakume ugariren zaurgarritasun egoera handiagotu zuen. Testuinguru horretan, hainbat arlotatik herritarren ardura eta laguntza eskatu dira denbora horretan indarkeria matxistaren biktima ziren emakumeen egoera zailari erantzuna emateko. Zentzu horretan, nabarmendu nahi dugu emakumeen kontrako indarkeria errotik ateratzeko jendarte osoa inplikatzeak duen garrantzia, eta azpimarratu konpromiso horrek osasun larrialditik harago doan errealitate bat izaten jarraitu behar duela. 

Azken hilabeteotan oraindik ere, zenbait iturrik emakumeak biktimizatu eta haietaz irudi pasiboa helarazi dute. Begirada paternalista eta errukior horren aurrean eskatzen dugu indarkeria jasaten duten emakumeak erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna duten subjektu gisa aurkezteko. Eraldaketarako dituzten mekanismo eta gaitasunak abiatuta indarkeriarik gabeko bizitza baterantz jotzeko: biktima izatetik bizirik ateratzera eta bizirik ateratzetik errealitatea eraldatzera. Hori guztia milaka emakumeren urtetako borroka eta aldarrikapenek emandako bultzadarekin indarkeria matxista errotik ateratzeko eta hura pairatzen duten emakumeei denon babesa agertzeko. Zalantzarik gabe, milaka lagunek munduko toki guztietan barna aldarrikatutako "ez zaude bakarrik" eta "nik sinesten dizut" mezuak bultzada kolektibo bihurtu dira emakumeen aurkako indarkeriaren kontra. Zentzu horretan, beharrezkoa da berdintasunerantz aurrera egiten eta maskulinitate eta feminitate eredu tradizionalak deseraikitzen jarraitzea.  

Gogorarazi nahi dugu, halaber, Administrazio Publikoek, bereziki Tokiko Entitateek, gauzatutako politiken eta ekintzen garrantzia sentsibilizazioaren arloan, indarkeriaren prebentzioan eta bizirik atera diren emakumeei arreta osoa ematen, betiere ahalduntzea esku-hartzearen jomuga hartuta. Azken urteotan baliabide eta zerbitzu asko garatu dira indarkeria matxistari eta horren ondorioei aurre egiteko. Zentzu horretan, nabarmendu nahi dugu garrantzia handia duela zerbitzuak eta haien arteko koordinazioa hobetzen jarraitzeak, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen desberdinei erantzun egokiak emateko. 

Amaitzeko, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko konpromisoa adieraztera eta azaroaren 25ean antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzera.