Sakanako gazte horri:
Berehala hasiko da uda eta, egungo egoera egonda ere, oporrez, aisialdiaz eta lasaitasunaz lagunekin gozatuko duzu. Ongi pasatzeaz gain, zure konpromisoa behar dugu, gizarteak behar du, neska gazteek behar dute: eraso sexistarik gabeko uda egiteko konpromisoa. Ez da kanpaina bat, eskatutako jokaera, portaera bat baizik.
Emakumeen eta nesken kontrako biolentzia ez da naturak eragindako "gaixotasun soziala" ezta konpondu ezinezko buruhaustea ere, denok mantentzen dugun sistema sozial baten ondorio baizik, eta hankaz gora jartzen ez dugun bitartean, zerbait kontra egiten ez dugun bitartean, eraso handiak eta ez hain handiak normalizatzen eta sendotzen dira gure artean. Zuen artean ere, zuen kuadrilletan ere!
Denok dakigu gure inguruan ez dugula berdintasunarekin bat ez datorren inor aurkituko. Baina adostasun hori askotan diskurtsoan soilik geratzen da eta ez du benetako aldaketa eragiten. Gizarte osoak berdintasuna lortzeko bere asmoa argi eta garbi aztertu behar du, dudarik ez, baina honetan zuri eskatzen dizugu:
- Begirune faltak, irainak, mespretxuak ez onartzeko eta publikoki taldean adierazteko.
- Indarkeria-kasuak errefusatzeko eta erasotzailea baztertzeko (nahiz eta zure kuadrillakoa izan, hau da zailena!)
- Neskak jazartzeko sare sozialak ez erabiltzeko.
- 'Ez' esaten dizutenean, onartzeko eta agian/ezkutuan ‘bai’ dela ez pentsatzeko.
- Bikote harremanetan, kontrola izatea nahi ez izateko.
- Jeloskortasuna sentitzean, zergatik ote den hausnartzeko.
- Jarrera egokia izateko neskak beldurrik izan ez dezaten kalean ibili edo etxeetara bueltatzean.
Eta, nola ez, neskei ere deitzen diegu hauetako helburu batzuk lortzera eta, batez ere, laguntza sarea egitera, neska guztiak nahi duten moduan jokatzeko eta aske izateko.