Pandemia apaltzen doan heinean, aurretiko egoera normalera bueltatzen ari garela dirudi; hala ere, jakin badakigu, emakumeonganako zapalkuntzaren pandemiak oraindik ez duela etenik.
Normaltasun berriaren aurrean ekintzak, jarduerak, programak eta bestelakoak berriz antolatzen hasi dira, eta horiekin batera feminismoaren eta emakumeen eskubideen aldeko jarduerak ere bai. Baina, dirudienez, oraindik ez dago argi zein den gizonen papera testuinguru horietan.
Emakumeak ekintza horiek burutzera kalera ateratzen garenean, gure enplegu falta, zaintzen gehiegizko zama, soldata arrakala, jasaten ditugun biolentziak eta ikusezintasuna, indarkeria matxistak eta bestelakoen kontra gaudela aldarrikatzera ateratzen gara. Hau da, gure eskubideak aldarrikatzeaz gain, gure presentzia eta dagokigun tokia espazio publikoan berenganatzera irteten gara.
Gauzak horrela, gizonek paper garrantzitsua duzue borroka horretan, baina argi eduki ezazue: izan zaitezte lagun, ez protagonista.
Ekintza horietan zuek bigarren maila batean egon behar zarete zuen kide feministei laguntza eskaintzen, eta haien behar eta eskakizunak errespetatzen. Zuen ikusgarritasuna, esaterako, urteko 365etan bermatua duzue sistema patriarkalari esker, beraz, ez iezaguzue gurea oztopatu. Ekintza horien bitartez ahalduntzen gara, eta sistematikoki ukatu zaigun tokia hartzen dugu, zeren eta, kirolak, politika, enpleguak, ikasketak, jaiak, eta kaleak ere gureak dira.
Beraz, emakumeen borrokan lagundu nahi duzun mutil edo gizon: entzun zure kide feministek esaten dizutenari, lagun iezaiezue behar duten guztian, har itzazue zuen gain zaintza lanen ardura, edozein egoera matxistaren aurrean ez zaitezte geldi geratu, zure kide feministek esango dizuete zer egin, eta horiek ez badaude, egoera salatu eta noski, zisheteropatriarkatuak ezartzen duen maskulinitate toxikoaren eskubideak alde batera utzi. Hori baita gehien laguntzen diguna guztioi, ez gure ekintzetan ez dagokizuen lekuarengatik gure kontra egin, eta ekintza bera oztopatzea.