Uda amaitzear da, eta horrekin batera ikasturtearen hasiera eta errutinara buelta. Emakumeen kasuan oraindik, eta zoritxarrez, jornada anitzetara buelta (horietako baten batetik atseden hartzea lortu badute, bederen) esan nahi du. Hala ere, udaren balorazioa egiterako garaian, ezin ahantz ditzakegu Sakanan zehar egondako jai eta ospakizunak.
Uda hasieran, pandemia ostean, jaien bueltaren zirrara zen nagusi. Gainera, hausnarketarako tartea izan denez, gauzak hobetzeko eta akatsetatik lezioa ikasita dagoela erakusteko garaia zen. Baina matxismoaren pandemiak ez du etenik izan.
Sakanako jaietan oholtza gainean gizonezkoak izan dira nagusi beste behin ere, eta emakumeek eraso matxistak jasan dituzte jaietan, eta jaietatik at. Ospakizun eremu horietan indar eta lanketa handia egiten da: prebentzioa, sentsibilizazio kanpainak, puntu moreak edo informatiboak... Baina hala eta guztiz ere, bada mezua ulertzen ez duenik.
Jaietako espazioak zein espazio publikoak gureak dira, eta emakumeendako zein genero eta identitate disidenteentzat gune ez seguruak izateak soilik zuena, gizonak sorrarazten duzue; ze bai, indarkeria matxista gorpuzten eta erabiltzen duzuenak zuek zarete. Horrenbestez, ez erasotzearen ardura, zuena da.
Eta Iruñerriko mugimendu feministak bere Instagrameko kontuan ondo azaltzen zuen bezala, hau da bete beharreko protokolorik garrantzitsuena:
Gaueko aisialdian eraso sexistak saihesteko protokoloa:
- Ez bortxatu.
- Ez egin erasorik.
- Ez jazarri.
- Ez beldurtu inor.
- Ez drogatu inor.
Protokolo hau bete ezin duzula uste baduzu, GERATU ETXEAN!